Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Trump herritarra

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Hauteskundeetan zelatatu zutela salatu du Twitterren AEBko presidenteak. Trumpek ez du ulertu herritar izateari utzi diola.

Etxe Zuriak, Sean Spicer Trump presidentearen bozeramailearen ohar baten bidez, ikerketa abiatzeko eskatu dio Kongresuari hauteskunde garaian egindako ustezko telefono espioitza kasu bat dela eta. Agiriaren arabera, ustezko entzuketak kezkagarria dira, eta gertatu izan balira, oso kezkagarria izango litzateke. Idatziak dio ikerketa beharrezkoa dela, "hainbat txostenen arabera, helburu politikoak zituzten entzuketak egon zirelako". Arazoa da inork ez dituela txosten horiek ikusi. Ikusi dugun bakarra txio bat izan da. Horren arabera, Obama presidente ohiak ustezko espioitza operazioa abiarazteko agindua eman zuen.

Ez dirudi Twitterren idatzitako mezua nahikoa denik Kongresuan ikerketa abiarazteko, baina mezu hori Donald J. Trump herritarrak bere kontu pribatuan idatzi du, eta hori zentzugabea da. Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) espioitza zerbitzuek sinesgarritasuna galdu dute Edward Snowdenek kontatutakoen ostean, eta ordutik, okerrena espero genezake eurengandik. Snowdenek inteligentzia zerbitzuek mundu guztia zelatatzen dutela salatu zuen. Baina kasu honetan garrantzia duena Trumpen jokabidea da. Badirudi ahaztu duela Trump herritarra dagoeneko ez dela existitzen, gaur egun Trump presidentea delako.