Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Nuklearra

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Arma nuklearren auziak behin eta berriz erakutsi ditu giza harremanetan ez dugula gehiegi aurreratu, indarraren mehatxua baita hitzarmenetara iristeko bide laburrena.

Nuklear indarra beti izan da polemika eragile, bai armak egiteko erabili denean, baita energia sortzeko tresna izan dugunean ere. Erabilera zibilari dagokionean ez da aparteko eragozpenik izan gobernu eta erakundeen artean, baina asko izan dira zentral nuklearren aurka borroka egin duten taldeak eta pertsonak, arriskutsuak eta garestiak izatea leporatu izan zaie, eta sortzen dituzten hondakinek milaka urtetako iraupena dutela.

Munduan gaur egun 450 erreaktore inguru daude, 29 herrialdetan dituzte zentral nuklearrak. Gehien dituena Ameriketako Estatu Batuak (AEB) dira, baina energia mota honekiko menpekotasun handiena Frantziak du. Bere aldekoek diote energia garbia dela, klima aldaketari aurre egiteko tresna bihur litekeela, berriztagarriek oraindik ez dutelako eraginkortasunik erakutsi; aurka daudenen iritziz, berriz, Fukushimak eta beste hainbat istripuk agerian utzi dute arriskutsua eta kutsakorra dela, eta oraindik ez ditugula konpondu sortzen dituen arazo eta eragozpenak.

Arlo militarrean nuklear indarrak sortzen dituen polemika eta harreman desoreka oso beste bat da. Gaur egun, munduan bederatzi herrialdek dituzte arma nuklearrak, batek, Israelek, hori aitortu ez badu ere. Nazio Batuetako Segurtasun batzordean beto eskubidea duten bost herrialdeek ez dute eragozpenik izan armak lortzeko, Israelek Estatu Batuen babesa izan du beti, eta Indiak eta Pakistanek Gerra Hotzaren garaian lortu zituzten, bien arteko enfrentamenduak eta kanpotik batzuek eta besteek jaso zitzaketen mehatxuen ondorioz, Mendebaldeak batzuei, eta herrialde komunistek besteei aukera eman zieten arma nuklearrak sortzera iristeko.

Hortik aurrera, munduko indartsuenek helburu bakarra izan dute arlo honetan, beste inork ez dezala misil nuklearra lortu. Horretarako mehatxua eta lankidetza eskaini dizkiete arma hauek lortzeko aukera zutenei, azken urtetan, Irani eta Ipar Koreari. Zigor ekonomikoak eta behar izanez gero erasoa jaso zezaketen programa nuklearrari eusten bazioten; amore emanez gero, berriz, sariak eta elkarlanerako aukerak. Bi kasu hauek ezberdinak dira, baina Nazioarteak biekin izandako harremanek antzerako ezaugarriak izan dituzte. Bonba nuklearra lortu ez baduzu, erantzun gogorra jasoko duzu, baina arma eskuratu duzula egiaztatuz gero, errespetuzko tratua eta aukera gehiago zure helburuak lortzeko. Auzi honek behin eta berriz erakutsi digu gizakion arteko harremanetan, ondorioz, nazioarteko oreka eta desoreka ahaleginetan, ez dugula gehiegi aurreratu, indarraren mehatxua baita, alde batena edo bestearena, hitzarmenetara iristeko bide motzena.