Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Turkiaren eta Europaren arteko enfrentamendua

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Turkia Europatik gero eta urrutiago dago. Hala eta guztiz ere, oraindik badaude Turkia Europarekin lotzen duten harreman ekonomiko, politiko eta militarrak.

Turkiako eta Europako hainbat herrialdeen artean lehertu den gatazka diplomatikoa ez da berria. Turkia Europatik gero eta urrutiago dago. Erdogan presidente turkiarra diktadore baten gisan ari da, nahiz eta ez dugun ahaztu behar hauteskunde guztiak irabazi dituela azken 12 urteotan.

Hala eta guztiz ere, oraindik badaude Turkia Europarekin lotzen duten harreman ekonomiko, politiko eta militarrak. Batetik, Batasunean sartzeko hautagai da, erritmo honetan sekula santan sartuko ez bada ere. Bestetik, NATO barruan bazkide garrantzitsua da. Eta, azkenik, Asiatik Europara datozen immigranteak kontrolatzeko herrialde oinarrizkoa da. Ez Turkiari, ez Europari, ez zaie harreman hori hondatzea interesatzen, nahiz eta aurrez aurrekoak gero eta maizago ari diren kateatzen.

Krisi honek bi aldeetako ultranazionalistei baino ez die egiten mesede. Holandan, musulmanen kontrako Geert Wilders ari da egoera honetatik probetxua ateratzen, asteazken honetan bertan izango diren hauteskundeetan botoak eskuratzeko helburuz. Eta Turkian, Erdoganek babesa handitu nahi du datorren hilabeterako deitu duen erreferendumerako. Eta erreferendum horren xedea zein den? Ba hain zuzen ere, lehendik duen botere zabala are eta gehiago zabaltzea.