Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Zerbitzu sekretuen eraginkortasun eza jihadismoaren aurrean

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Erresuma Batuak 3.000 susmagarri ditu jihadismoarekin lotuta. Baina jihadistak suizidak izaten dira gehienetan, eta horrek kontrolaezinak eta eraginkorrak bihurtzen ditu.

Zerbitzu sekretu britainiarrek 3.000 bat lagun dituzte zaintzapean jihadismoarekin lotura dutelakoan edo atentatugile izan daitezkeelakoan. Khalid Masood, Londresko atentatuaren egilea, jihadismoarekin batere harremanik ez duten delituengatik egon zen atxilotuta orain 10urte eta, beraz, ez zegoen aparteko zaintzapean. 3.000 susmagarrien zerrendan balego ere, atentatua egiteko gai izango zen, segur aski. 

Badago horrelako erasoak erabat eragozteko modu erraz bat: 3.000 horiek kartzelan sartzea eta kito! Baina hori ezin liteke egin gizarte demokratiko batean, eta Gobernu britaniarrak halako neurririk hartuko balu, orain zerbitzu sekretuei huts egin izana leporatzen dieten horiek beraiek izango lirateke protestarik gogorrena egingo luketenak. Ezin da inor atxilotu haren kontrako frogarik ez bada; eta froga horiek lortzen direnean, maiz, berandu izan ohi da.

Segurtasun zerbitzuak salatu aurretik terrorismo jihadistaren izaera ulertu beharra dago. Hau ez da gerrilla talde bat edo IRAren tankerako erakunde armatu bat. Talde klasiko horietan polizia infiltratu ohi da, eta aurrez planak atzeman ahal dizkiete. Baina, bada diferentzia inportante bat: erakunde klasiko horietan ez dago suizidarik. Horregatik dira jihadistak hain eraginkorrak, eta horregatik ditu Poliziak horrenbesteko lan kontrolatzeko.