Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Asto masailezurra

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Berrikuntzak eta aurrerapenak gorabehera, ez gaude Bibliak gizakion lehen hilketa dela dion hartatik oso urruti.

Gizakia gailurrean da, aurrerapenaren eta garapenaren gorenean. Alor guztietan orain dela gutxi arte gaindiezinak ziruditen mugak atzean utzi ditugu, eremu harrigarrienak arrunt bihurtu.Teknologiaren bitartez denbora eta espazioa sakelan daramatzagula iruditzen zaigu, eta baten batzuek diote jainkoen gisa betiereko izango garela.

Gure gizarteen antolaketak, harremanen konplexutasunak eta aniztasunak pentsaezinak ziratekeen joan zen mendean. Aldi berean, gure eguneroko jarduera asko erraztu dugu, tresna bakar baten bidez harremanak, informazioa, banku eragiketak, erosketak…Guztia eskura dugu. Garraiobideek espazioaren mugak ezabatu dituzte, urte gutxitan gertukoa eta urrutikoaren arteko aldea erabat murriztu zaigu. Hatz mugimendu baten bidez, botoia sakatuta, munduko edozein lekutan dagoen pertsona ikusi genezake, berarekin hitz egin, irudien bidez bizi den ingurua ezagutu…

Denbora gutxian horrenbeste aldatu zaigu bizimodua, sinesgaitza egiten zaigula orain dela urte batzuk nola bizi ginan imajinatzea. Gure gaztaroak antzinakoa dirudi, arbaso zaharren zuri-beltzeko irudietan galdutakoa. Baina arloren baten, garapena, bilakaera eta aurrerapena uztartu eta gizakia gailurretik harago joan bada defentsan eta armagintzan da zalantzarik gabe. Mundua ehun aldiz suntsitzeko arma atomikoak ditugu. Defentsa eta babes sistemak ia hutsik gabekoak dira. Poliziek eta soldaduek aldean daramatzaten armek eta baliabideek, garai bateko elezaharretako heroien pareko egiten dituzte. Hegazkinak ikusezinak dira, tankeak suntsiezinak, radarrek zomorro txikienaren joan-etorriak antzematen dituzte…

Eta segurtasunaren eta garapenaren adierazle diren gizarte hauetan, edozein lekutan erosi litekeen labana, eta min egiteko borondatea nahikoak dira guztia hankaz gora jartzeko. Pentsa genezake bikainak garela, bi hanketan hasi ginenetik burmuina estututa izadia gurea egin eta harantzago joan garela, amestutako jainkoen eremuak menderatu arte. Baina milaka urte pasa ondoren ez gaude Bibliak gizakion lehen hilketa dela dion hartatik oso urruti, labana, makila edo asto masailezurra nahikoak dira gure uste harroenak erdi ustel direla ohartzeko. Gizaki hutsak garela egiaztatzeko.