Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Exita

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Badirudi aspaldi honetan zatiketaren aldekoak gailentzen ari direla. Bereizi, banandu, aldendu, urrutiratu, kanporatu, bota, joan…harremanak soildu nahi ditugu.

Gizakion bilakaera eta garapena orain dela 8.000-9.000 urte hasi omen ziren, tribua utzi eta talde zabalagoetara jo genuenean. Familia loturak zeuzkaten talde txikiak, antolaketa konplexuagoa zuten gizarteetan nahastu eta hartu-emanak ugaritu eta irekiagoak bihurtu zituztenean. Hor hasi omen zen zibilizazioa, hirietan errotutako giza jarduera.

Jendea elkartu ahala egiturak sortu eta arauen beharra nabarmenagoa bihurtu zen. Lana banatzen hasi ginen, bakoitzak bere aukeren eta trebeziaren arabera eman zion taldeari. Ohartu ginen pertsona batek baino gehiagok gai berari buruz pentsatu eta hausnarketaz gero emaitzak hobeak zirela. Uzta aberatsagoak eta ugariagoak lortu genituen, etxebizitzak erosoagoak bihurtu. Komunikazio eta adierazpen lanabesak asmatu genituen.

Historia luze honetan guztiak ez dira aurrera pausoak izan, gure izaera bikoitzaren aurpegi ilunena sarri nagusitu baita, baina zalantzarik gabe elkarlana eta lankidetza ezinbesteko tresnak izan ditugu arazoak konpondu, zailtasunak gainditu eta iragana etorkizun bihurtzeko. Esan ohi da gizakiok zailtasun handiak ditugula gure gaitzak onartzeko. Ezin dugu ontzat eman gertatzen zaigun hori gure errua dela, zerbait gaizki egin dugulako edo zetorkiguna aurrez antzeman ez genuelako. Itxuraz beti erruduna omen dago, baten batek sortu edo eragin du gure zorigaitza, eta hor ia beti jarrera harrigarriena izan ohi dugu, bestea arerio bihurtu eta etsai horren aurka gure ezina eta gorrota zuzendu. Hondamena beti iritsi zaigu zatiketaren ondorioz; arrakasta, berriz, ahaleginak elkartu ditugunean.

Badirudi aspaldi honetan zatiketaren aldekoak gailentzen ari direla, hori adierazteko kanpora joan nahi dute edo besteak bota nahi dituzte. Berriro nagusitzen ari da gutarren goraipamena, garai zahar zoragarrien mina, beste horiek ez zeudeneko denbora alaien aldarrikapena. Gure ohiturak eta sinismenak bizitzaren eta bizimoduaren ardatz eta euskarri egin ditugu berriro, besteen ikur eta adierazleak ezbehar sortzaile. Bereizi, banandu, aldendu, urrutiratu, kanporatu, bota, joan… harremanak soildu nahi ditugu, egiturak eta erakundeak sinpleagoak egin, gure inguruko errealitatea zuri-beltzera gerturatu, tribuen garai zoragarrietara itzuli.