Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Izarren hautsa

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

- Erredakzioa -

AEBetako NASA erakundeak aldiro-aldiro adierazten digu urruneko espazioan, teleskopio indartsuenak nekez iristen diren jorratu gabeko eremu horietan, bizitza sor dadin baldintzak izan litezkeela.

AEBetako NASA erakundeak aldiro-aldiro adierazten digu urruneko espazioan, teleskopio indartsuenak nekez iristen diren jorratu gabeko eremu horietan, bizitza sor dadin baldintzak izan litezkeela. Izen haundiko aldizkariek eta aditu ospetsuek behin eta berriz argitaratzen dituzte tesi hori indartzen duten ikerketa lanak. Zerbait dakitenen artean ez dago adostasunik, ukitu, usaindu, ikusi eta entzun ez dugunaz ezinezkoa baita egiaren antza izan lezaketen teoriak erdiestea. Ondorioz, ikerlan sakonenak ere susmoetan oinarrituta daude.

Kontu hauetaz ezer ez dakigunok susmo arruntenetara hurbiltzeko ere eragozpenak ditugu, eta agian ezjakintasun horretan ausartegiak izateko arriskua dugu. Unibertsoan 10.000 triloi izar egon litezke, eta gure galaxian, 100.000 miloi planeta. Hemen ere gutxi gorabeherako datuak erabiltzen dituzte, gure lur xumea inguratzen duen hori hain zabala, neurrigabea, izanik, ezinezkoa zaigulako kopuru orokorretara hurbiltzea ere. Bizitzaren sorreraz, beraz, ukitu,a ztertu eta egiaztatutakoaz bakarrik esan genezake zer edo zer, hau da, gure bizitzaren sorreraz, gure mundu honetan gertatu dena bakarrik izan genezake azterketa gai,besterik ez dugulako aurkitu.

Hortaz, dakitenek diote izarren hautsa egun batean bizigai bilakatu zela, eta hori gertatu zela ustekabeko harrigarrien ondorioz. Azaltzen zailak diren arrazoiengatik bizitza ernaltzeko baldintzak gauzatu ziren, eta giza adimenak oraindik erabat argitu ez duen bulkadak gai kimikoak nahastu zituen berez garatzen has zitezen. Lehen bulkada horrek eragindako mugimendua gureganaino iritsi da, gu gara lehen urrats motel eta ahul haien ondorio. Eta guk aurrera segitzen dugu. Ikusmina eta asebete ezina dira etengabeko aurrerabide honen ardatz eta eragile, amaierarik ez duen erronkari erantzuteko.

Sarri esan ohi da “bakarrik” gaudela, eta horrek itxuraz tristura eragiten dio jende askori,baina bakarrik sentitu al gintezke 7.200 miloiren artean? Eta bakardade horri amaiera emango liokeen hurkoa nolakoa izango litzateke? Kanpotik ez zaigu inor etorri gutaz galdezka. Jainkorik bada, ez dugu ikusi, ez zaigu azaldu, ez du inongo gogorik erakutsi magian sinisten ez dugunok, beldurraren sorkuntza ez dela pentsatu ez dezagun. Bizitza honetan ustekabekoa etengabea da, hasiera bera zorte bitxi baten ondorio baita. Patuak ezin du okerrik egin, zoria behin abiatzen da bide bakoitzetik eta ez dirudi, unibertsoko bazter honetan, leku guztietatik urruti dagoen zoko ilun honetan gertatu zena, berriro inon piztuko denik.