Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Esateko askatasuna

Juanjo Sanmiguel

Juanjo Sanmiguel

Mugarik Gabeko Erreportariak izeneko erakundeak urtero argitaratzen du prentsa askatasunari buruzko txostena. Aurten adierazi dute mundu guztian atzera egin duela prentsa askatasunak.

Mugarik Gabeko Erreportariak izeneko erakundeak urtero argitaratzen du prentsa askatasunari buruzko txostena, herrialdez herrialde egindako ikerketa eta azterketen emaitzak biltzen dituena. Aurten adierazi dute mundu guztian atzera egin duela prentsa askatasunak, baita herrialde ireki eta demokratikoenetan ere. Askatasun hori zerk mugatzen duen zehazterakoan, herri eta leku bakoitzean ezberdinak dira arrazoiak, baina nagusiak segurtasunak sortu duen kezka eta, ondorioz, argitaratu eta zabaltzen dena kontrolatu beharra. Herrialde askotan oinarrizko eskubideen urraketa gero eta nabarmenagoa. Komunikabideek eta kazetariek gobernu eta aginte erakundeetatik jasotako mehatxuak edo bideratu nahiak…

Gizakion eta pertsona taldeen portaeraren eragileak finkatzea ez da erraza, horregatik egiten duguna neurtu, zenbatu eta paperetan idatzi behar dugunean, zehaztezinak eta ikustezinak garrantzitsuagoak izan litezke begi-bistakoak diruditenak baino. Komunikabideen alorrean, aldaketa handiak izan dira azken urtetan, tresnak eta baliabideak era azkar eta harrigarrian garatu eta hobetu dira. Orain dela urte gutxi pentsaezinak zirenak gaur egun betikoak dirudite. Baina aldaketak beste arlo batzuetara ere iritsi dira, komunikaziorako tresnen jabetza eta interesak gobernuen eta boteretik gertu dauden taldeen esku daude; langile eta kazetarien lan-baldintzak, berriz, asko okertu dira, izar gutxi batzuenak kenduta.

Gaur egun kazetariari ez zaio agindurik eman behar, ez zaio zuzenean bidea erakutsi behar, ondo daki non dagoen,noraino iritsi liteken eta goian daudenek zer espero duten. Eta horretarako modu eraginkorrena lan baldintzetan dago, ziurtasun faltan. Komunikabideetan zeinek agintzen duen, zeinek jasotzen dituen agindu horiek eta adierazitakoak bete izanak dituen ondorioak neurtu eta egiaztatzea ezinezkoa da, askotan kazetariak berak nahiko balu ere ezingo luke hitzetan jarri. Denbora eta espazioa, berriz, adierazle bikainak dira, albistea edo informazioaren iturria gero eta urrutiago askatasun handiagoa edo kontrolen malgutasun nabarmena; gero eta gertuago zailtasun handiagoak benetako gertakizunetara iritsi eta astintzeko.

Mugarik Gabeko Erreportariek neurtu eta zenbatu daitekeenari buruz egiaztatutakoa azaltzen digute, baina gaur egun giza jardueran askoz ere eraginkorragoak dira norberak ere antzematen ez dituen indarrak, ustezko zapaltzaile eta manipulatzaileak baino.