Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Xanpaina Europaren egunean

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Gaur Europaren eguna da, eta Europar Batasuneko agintariek pozez ospatuko dute Macronen garaipenaren ostean. Ez daitezela, baina, xanpainarekin pasatu.

Gaur Europaren eguna da, eta Europar Batasuneko agintariek pozez ospatuko dute Frantziako hauteskundeetan Emmanuel Macronek lortu duen garaipenaren ostean. Dena den, hobe badaezpada xanpaina gehiegi ez hartzea. Europaren krisia ez dago oraindik konponduta. Ezta gutxiago ere. Egia da Herbehereetan  Geert Wildersek irabazi izan balu, eta Frantzian, Marine Le Penek orain Europar Batasunaren desegiteaz hitz egiten arituko ginatekeela. Eta zentzu horretan, Macronen garaipenak aukera berri bat ematen dio Batasunari. Baina, jakingo al dute aprobetxatzen Europako agintariek?

Horretan zeresan handia izango dute Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta bere Wolfgang Schauble Finantza ministro zorrotzak. Beraiek ezarri zuten austeritate politika, eta beraiek amaitu beharko dute. Bai, badakigu irailean hauteskundeak dituztenez, ezin dutela arriskurik hartu. Baina, irabazten badute, estutzen gaituen soka askatu beharko dute. Alemaniarrek superabita murriztu eta gehiago gastatu behar dute. Eta, batez ere, besteei gizarte politiketan gastatzen utzi. Bestela, Macronek adierazi duen bezala, bost urte barru, Le Penek irabaziko du. Edo, ziurrenik, Melenchonek eta bere Frantzia intsumisoak. Beraiek bihurtuko dira Macronen oposizioko indarrik garrantzitsuena.