Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Frantzia, hirugarren itzuliaren zain

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Hilabete barru hauteskunde legegileak dituzte Frantzian. Hitzordu erabakigarria da Macronentzat. Hautagai gazteak eta esperientzia politikorik gabeak bildu ditu oraingoz.

Frantziako presidentea aukeratzeko hauteskundeen bi itzuliak amaituta, orain hirugarrenerako ari dira prestatzen denak. Frantziarrek berriz egin beharko dute hauteslekuetarako bidea hilabete barru, eta berriz ere, botoa emateko bi jardun izango dituzte, ekainaren 11n eta 18an. Asanblea Nazionaleko 577 diputatuak aukeratuko dituzte. Emmanuel Macron lehendakari berriarentzat hitzordu erabakigarria izango da, beraz.

Frantzia errepublika presidentzialista izanik, botere handia du estatuburuak. Parlamentuaren eragina txikiagoa da baina, jakina, derrigorrezkoa du Macronek gehiengo parlamentarioa. Bere arazoa da ez duela alderdi handia atzean; En marche! sortu zuenetik ez da urtea ere pasatu. Hautagaiak bilatu behar ditu bai ezkerrean, bai eskuinean. Oraingo legegintzaldi honetan diputatu sozialista ziren 24 politiko batu dituzte euren zerrendetara, eta ari dira Errepublikanoak alderdiko eskuin klasikoan ere beste hainbeste lortzeko bilaketa lanetan.

En Marche!k iragarri dituen hautagai gehienak gazteak dira, esperientzia politikorik gabeak, eta emakumezkoak eta gizonezkoak, parez pare. Inork ez du espero Macronek iraultzarik egingo duenik, baina ukaezina da agintera jende berria ekarrik duenik.