Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Macronen lehen hanka sartzea

Jesús Torquemada

Jesús Torquemada

Frantziako presidente berriak agindu zuen Sirian arma kimikoak erabiliz gero, militarki eta berehala erantzungo zuela. Putinen aurrean egin zuen iragarpena.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak egin du bere lehen hanka sartzea. Vladimir Putin errusiarrarekin atzo egindako bileran agindu zuen Frantziak militarki eta berehala erantzungo duela inork Sirian arma kimikoak erabiliz gero. Inor hori, jakina, Baxar-Al-Asad da, eta ez dezagun ahaztu, Putinen aliatua dela.

Horrelakoak agintzea oso da arriskutsua. Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohiak ere marraztu zuen marra gorri bera, eta arazo diplomatikoa eragin zuen. Horrelakoetan jakina baita, erantzuten ez baduzu, koldar irudia eman zenezakeela. Eta erantzuten baduzu ere, gaizki. Hainbat arrazoirengatik: Lehena, beti ez delako argi izaten zein den eraso kimikoaren arduraduna; eta bigarrenik, mendekua hartzeak ez duelako ezertarako balio izaten. Gogora dezagun bestela joan den apirilekoa: Arma kimikoak erabili zituela eta, Asad zigortzeko Siriako base militarren kontrako bonbardaketa agindu zuen Trumpek, eta gerrak bere horretan jarraitzen du.

Gainerakoan, Macronen eta Putinen arteko bilera oso interesgarria izan zen. Macron izan zen gidari eta hasieratik erakutsi nahi izan zuen, gaztea eta politikan esperientzia gutxikoa izan arren, ez dela kikiltzen Putin azeriaren aurrean. Eta egiaz, lortu zuen Macronek Ukrainia eta Siriari dagokionez behintzat, Putin defentsa lerroan uztea.