Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Alemaniaren superabit komertziala

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Merkelek keinu bat egin beharko luke: austeritatea malgutu, kontsumoan gastu handiagoa egin, eta bere kide defizitarioei gizarte gastu gehiago egiten uztea. Europar elkartasun hutsagatik.

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentea gerra komertziala ari da prestatzen Alemaniaren kontra. Hala ohartarazi zuen atzo Twitter bidez: AEBk defizit komertzial handia daukatela Alemaniarekin, eta horrek aldatu beharra daukala.

Trumpek Alemaniari leporatzen dio garbi ez jokatzea, eta euroa debaluatua propio edukitzea,  gehiago esportatu ahal izateko. Gezurra, gezur hutsa. Benetako arrazoia ez da hori. Hamar urte baino gehiagoz euroa oso garesti egon zen, dolar eta erdi parean, gutxi gorabehera; eta defizita antzekoa zen, artean. Arazoa da AEBko kontsumitzaileek gustukoak dituztela Alemaniako produktuak, baina tira, jarrai dezatela Merkelek eta Trumpek elkarren kontra mokoka.

Nolanahi ere, bada gainerako europarrontzat ere interesekoa den gai bat horren guztiaren atzean. Alemaniak, egia da, superabit handia dauka Europako Batasuneko beste bere kideekin. Eta hori da euroaren krisiaren iturburuetako bat. Ezinezkoa da moneta berdinari eustea luzaroan erabiltzaileetako batek beti superabita badu, eta besteak, beti, defizita. Horregatik da inportantea Alemaniak keinu bat egitea, austeritatea malgutzea, kontsumoan gastu handiagoa egitea, eta bere kide defizitarioei gizarte gastu gehiago egiten uztea. Europar elkartasun hutsagatik, baina bereziki, euroak iraun dezan: Alemaniak lasaitu beharra dauka bere superabita. Estatu Batuekin? Egin dezala nahi duena!