Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Arduradunak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Kabulgo atentatuak gogora ekarri digu herri honek azken 50 urtetan bizi izan duena: gatazka, anabasa, gerra...

Esan ohi da herri orok bere historiaren eta patuaren erantzukizuna duela, ezer ez dela kasualitatez gertatzen, eta urtetako gertakizunak eta gorabeherak ezin direla izan zori onaren edo txarraren ondorio. Ohitura dugu, batez ere gertatzen zaigunak min edo kalte egiten digunean, errudunak bilatzeko, beste baten bati leporatzeko onartezina edo merezi gabea iruditzen zaiguna.

Herri eta gizarte zenbaiten historia aztertuta, zaila dirudi orain arte idatzitakoa ontzat ematea. Afganistanen aste honetan azken hilabetetako atentatu bortitzena egin dute. Lehergaiz betetako kamioia sartu eta zartarazi dute Kabul hiriburuko eremu babestuenean, enbaxadak dauden auzoan. Erasoak berriro gogora ekarri digu herri honek azken 50 urtetan bizi izan duena, benetan historia harrigarria baita. 1960 eta 70eko hamarkadetan uzta txarrak ia urteroko kontu ziren, ondorioz, gosea, pobrezia eta heriotza ohikoak bihurtu zitzaizkien afganiarrei. Urte hauetan tribu buruak, gerra buruzagiak, boterearen alde edo aurka borrokan egiteko prest zeuden taldeak ziren nagusi. Gatazka eta anabasa…

1978an Sobiet Batasunak soldaduak bidali zituen bere aldeko gobernuari laguntza emateko, Gerra Hotzaren garai gordinak ziren eta erabaki horrek deabru guztiak askatu zituen. "Etsaiaren etsaiak lagunak dira"  lemapean, Ameriketako Estatu Batuek (AEB) ahal izan zuten laguntza guztia eman zieten talde islamiarrei, ondoren, mundu guztira zabaldu duten jardueraren oinarriak jar zitzaten. Gerra beldurgarri hartan jende xeheena izan zen biktima, bost miloi pertsonak ihes egin behar izan zuten Pakistanera eta Iranera. Oraindik errefuxiatuak dira. Sobietarrek amore eman behar izan zuten, baina 1989an erretiratu zirenean gerra eta nahasmena areagotu egin ziren, irabazleek ustez zegokiena aldarrikatu zutelako.

Sobiet Batasuna oroimen bihurtu zenean, mendebaldea ohartu zen Afganistanen ereindako hazia benetan gaiztoa zela, eta agian horregatik onartu zuen talibanek, erlijio ikasleek, agintea hartzea 1996an. Baina konponbidea arazoa baino okerragoa izan zen, AEBk etxean inoiz jasandako eraso larriena pairatu zuten, bazirudien etsaien etsai zirelako lagun bihurtu zituzten haiek mendebaldeko gizartearen ikur eta oinarri zirenak suntsitzeko gai izango zirela. Afganistanen beste gerra bat hasi zen, edo agian inoiz amaitu ez den gerraren beste atal bat ireki zuten. AEBk izandako gerra luzeenak amaierarik gabea diruri. 16 urte hauetan, NATOko 3.500 soldadu hil dituzte eta 14.000 soldadu afganiar; hildako zibilak 150.000 izan litezke, baina inork ez du kopuru zehatzik. Estatu Batuek 70.000 miloi gastatu dituzte bertako Armada trebatzen, eta inork ez daki zenbat diru joan den ustez gizarte berria eraikitzeko ahaleginetan, diru gehiena mendebaldearen lagunek xahutu dutelako.

Zurrunbilo ero horren erdian, afganiar gehienek ez dute aukera handirik izan, helburu bakarra gehiegi ez nabarmentzea izan omen da, ez batzuek, ez besteek etsaitzat har ez ditzaten.