Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Ekonomia eta krisia

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Ekonomia finantzarioa nagusitu da azken urteetan. Benetakoa izan gabe berebiziko indarra duen ekonomia horrek eragin zuen gure gizartea eta bizitza aldatu dituen azken krisia.

Ekonomia hitzak, bere jatorri grekoaren arabera, "etxeko legea" esan nahi du, eta bere esanahi arruntena erabiliz gero, giza beharrak asetzeko modua eta erabilitako baliabideak izango litzateke. Edozeini galdetuz gero, esango liguke ekonomia dela pertsonek, familiek, taldeek eta enpresek euren dirua eta lanabesak kudeatzeko egiten dutena, daukatena eta lor lezaketena erabiltzeko egiten duten ahalegina era duinean bizitzeko, eta ahal bada bizimodu hori edo enpresaren emaitzak eta etekinak hobetzeko.

Mendetan zehar dirua egiteko edo aberastasuna lortzeko bi bide izan dira, guraso aberatsak izan edo zeneuzkan ahalbideak erabiltzea diru hori lortzeko. Enpresak zerbait ekoizten zuen eta ondoren prezio onean saltzea zen helburua. Lortutako diruak langileak ordaintzeko balio zuen, materiala erosteko eta zerbait geratuz gero egindako lana eta antolaketa ontzeko, batez ere ikerketaren bidez edo lan egiteko erak aldatuta. Baina azken urtetan "ekonomia finantzarioa" nagusitu da, eta agian lehen balio zuenak gaur egun, egoera askotan alferrikako ahalegina bihur liteke. Ekonomia finantzarioan ez dago langilerik, ez dago lantegirik, ez dago olio eta torlojurik. Akzioak, inbertsioak, bonuak dira tresnak. Irabaziak lortzeko bidea ausardia eta beste inork ez duen informazioa dira. Enpresek ez dute balio egindako inbertsioengatik, lortutako irabaziengatik, langileek egindako lanagatik edo aurrera begira dituzten proiektuengatik. Balio dute burtsan balio dutena, eta batez ere, akziodunek nahi dutena.

Irabazi egokiak dituen enpresa itxi egin lezakete akzioen etekina akziodun horiek espero baino txikiagoa bada. Ondo dabilen beste bat lekuz alda lezakete, beste herrialde horretan irabaziak handitzeko aukerak dituztelako. Adituek diote benetako ekonomia eta ekonomia finantzarioa lotuta daudela, eta batek ezin duela bestea gabe iraun. Baina bati benetako ekonomia, ekonomia erreala deitzen diote, eta aitortzen dute bigarrena erabat espekulazioan oinarrituta dagoela, duen balioa ezin dela neurtu. Egoerak, une bakoitzeko interesek eta talde handien indarrak erabakitzen duela zerk zenbat balio duen.

Gure gizartea eta bizitza aldatu dituen azken krisia, ekonomia finantzario horrek eragin zuen, benetakoa izan gabe berebiziko indarra eta eragina duen jarduera bitxi horrek. Mugagabeko diru-goseak eragin ei zuen, edozeinek egun batetik bestera aberasteko aukera izateak sortutako grinak. Gure bizitzeko eraren oinarri den sistemaren arduradun gorenek, finantzari horiek, gaizkile arruntenen gisa jokatu zuten, mundua hankaz gora jarri zuten eta ustezko oreka guztiak hautsi. Bakarrak ez du erantzun eta gehienek zeuden leku berean segitzen dute.