Itxi

Jesus Torquemada

Analisia

Alderdi Sozialista frantziarraren desagerpena

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

- Erredakzioa -

Pentsatu behar dugu Macroni etorri zaizkion boto gehienak boto-emaile sozialistengandik etorri zaizkiola.

Frantziako hauteskunde legegileen lehen itzuliak zein ondorio utzi digun azaltzen hasita, alderdi-bitasunaren amaiera aipatzen da. Baina ez da ondorio guztiz zuzena.

Gertatu dena zera da: alderdi historikoetako bat, sozialista, kasik desagertu egin dela, baina beste alderdi historikoak, eskuin klasikoak, orain Errepublikarrak izena hartu duenak, hortxe jarraitzen du.

Alderdi Sozialistaren lekua Macron lehendakariaren alderdiak bete du, eta beraz, bi alderdi handi izaten jarraituko du Frantziak.

Macron eta bere alderdia, Errepublika Martxan izenekoa, zentroko aukera gisa agertzen da, baina egiaz, bere programa ekonomikoa eskuinekoa da neurri handi batean. Eta berehala geratuko da hori agerian: iragarrita duen lan erreformak txiki utziko du bere aurreko agintari Hollandek bultzatu zuena.

Nondik atera dira hainbeste boto Macron eta bere alderdiarentzat? Batzuk eskuin klasikotik etorri zaizkio, baina ez asko, ikusita ez dituela eskuin klasiko horrek, bestela ere, hain emaitza txarrik lortu.

Beraz, pentsatu behar dugu Macroni etorri zaizkion boto gehienak boto-emaile sozialistengandik etorri zaizkiola.  Lehen boto sozialista ziren batzuk abstentzio handi hori loditzera joan dira. Beste gutxi batzuk Frantzia Intsumisora joan dira eta gehien-gehienak, dudarik gabe, bere zakuan sartu ditu Macronek.