Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Politika eta krisia

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Krisi hitza hondamendiari eta zorigaitzari lotuta agertzen zaigu, eta azken urteetan politikaz hitz egiterakoan erabiltzen dugu.

Krisi hitzaren soinuak oihartzun txarra dakar beti, berezko esanahia aldaketa edo egoera berriaren trantsizio unea adierazten badu ere. Krisia, hondamendiari eta zorigaitzari lotuta agertzen zaigu gehienetan, hobetzeko eta aurrera egiteko aukera izan litekeela pentsatu beharrean. Azken hilabete eta urtetan behin eta berriz azaltzen zaigu hitz hau giza jarduera orori lotuta, baina batez ere politikaz hitz egiterakoan erabiltzen dugu.

"Betiko alderdiek krisi larria bizi dute". "Gizarteak beraiekiko konfiantza galdu du". "Ustelkeria, sektakeria eta ohitura txarrenak nagusitu dira". "Aldaketa derrigorrezkoa da demokraziari eutsi nahi badiogu"… Azken urteetan arazoak ugaritu dira gure artean, mendebaldean etenik eta mugarik gabea ziruditen aurrerabideak eta garapenak ustekabekoa eman digute eta badirudi seme-alabak ez direla gurasoak baino hobeto biziko. Gizartean etenak gero eta nabarmenagoak dira, gazte eta adinekoen artekoa, soldata duina dutenak eta langile pobreak bereizten dituena, hemengoak eta kanpokoak… beldurra nagusitu da eta benetako izua bilakatzeko arriskua hortxe dago.

Politika arazo publikoak konpondu eta guztiongan eragina duten erabakiak hartzeko antolatutako sistema omen da. Politika demokratikoa berriz jendearen, herritarren parte hartzeaz eratutakoa litzateke. Krisiaz hitz egiten dugunean edo "bizi dugun krisi larria" aipatzen dugunean ez dugu garbi adierazten zer dagoen krisian, alderdi politikoak, alderdien sistema ala demokrazia bera. Alderdi politikoak orain arte demokraziari lotuta izan dira, ezinezkoa baita demokrazia garatzea alderdi politikorik gabe edo ordezkaritza eraren bat izan gabe. Ohiko alderdiak krisia bizi badute, berriek erakutsi beharko dute gai direla beraien lekua hartzeko. Alderdien sistema bada krisian dagoena, orain arteko ereduak ez liguke balioko, eta goitik behera aldatu beharko genituzke gaur egungo egitura publiko guztiak, parte hartzeko, erabakiak hartzeko eta arduradunak izendatzeko beste tresna eta bide batzuk asmatu beharko genituzke. Demokrazia bera bada arazoen eragile, eta hori uste du gero eta agintari gehiagok, guztion gainetik eta guztiok baino hobeto erabakiak hartuko duena aukeratu beharko genuke, edo zuzenean berak hartuko luke eskumen hori guztion onerako.

Gizakion ekintza, proiektu eta antolaketa guztietan akatsak, okerrak eta zuzendu beharrekoak aurki litezke. Jokaerak eta ohiturak denboran luzatzen badira aspertu egiten gaituzte, ikusmina ahuldu eta ilusioa zimeldu egiten da. Baina kontu batzuk eztabaidatik kanpo utzi beharra dago, historian zehar gehiegitan hobe beharrez, guztiontzako mesedegarri izango zelakoan, askatasuna, oinarrizko eskubideak eta parte hartzeko aukera kendu dizkigutelako.