Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Galduta dauden britainiar batzuekin negoziatzea

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

May ahul batekin negoziatzea txarra da oso. Oposizioak edozein aukera baliatuko duelako May boteretik botatzeko.

Gaur hasiko dira Erresuma Batuaren eta Europar Batasunaren dibortzioa gauzatzeko negoziazioak. Ez dago galtzeko denborarik. Joan den martxoaren 29an hasi zen atzera kontaketa. Gertatzen dena gertatzen dela ere, 2019ko martxoan Erresuma Batuak Europako Batasuneko kide izateari utziko dio. Negoziatzeko dituzten gaiak oso konplexuak dira eta 21 hilabeteko epea laburra da, oso laburra. Beraz, abiada hartu beharra dago.

Eta hala eta guztiz ere, Europar Batasunak egin lezakeen onena bere horretan geratzea da. Erresuma Batuko hauteskundeetan Theresa Mayk gehiengo osoa galdu ondoren, edozer gauza gerta liteke. Theresa May indartsu batekin negoziatzea txarra zen, bana Theresa May ahulago batekin negoziatzea, are eta okerragoa izan liteke.

Parlamentu britainiarra nola osatu den ikusita, oposizioak edozein aukera baliatuko du May boteretik botatzeko. Mayk Bruselako proposamenei baiezkoa ematen badie, oposizioak "ezetz" esango du. Mayk "ezetz" esaten badio, aldiz, oposizioa baietzarekin tematuko da. Beraz, Europar Batasunak proposamenak aurkezteko lanik ez luke hartu behar. Britainiarrek argitu dezatela zer nahi duten eta aurkeztu ditzatela eurek proposamenak.  Baina arazoa da, orain urtebete, 'Brexit'aren erreferenduma egin zutenean, britainiarrek harrika bota zutela iparrorratza, eta orain zeharo daude galduta.