Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Arazo zena konponbide bihurtu du Macronek

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Dimisioa eman dute lau ministroek senideak laguntzaile gisa kontratatzeagatik auzipetu dituzte. Jardun hori ez dago debekatuta Frantzian, baina Macronek galarazi nahi du.

Arazo handia zirudiena Emmanuel Macron Frantziako presidente berriari aldeko gertatu zaiola dirudi. Lau ministrok kolpean dimisioa emanda, pentsa zitekeen Macronen proiektua ez zela uste zen bezain sendoa. Baina Macronek, azkenean, harri bakarrez jo ditu bi txori.

Dimisioa eman duten lau ministroak ustelkeria kasuekin zeuden lotuta, gehienbat, senideak laguntzaile gisa kontratatzeagatik. Jardun hori ez dago debekatuta Frantzian, baina politikarien irudi txarra ematen du. Eta, hain zuzen ere, Macronen lehen neurrietako bat praktika hori galaraztea izango da. Beraz, oso ondo etorri zaio presidenteari krisi hau zintzo itxura emateko eta erakusteko garbiketa etxe barrutik hasten dela.

François Bayrou ministroa izan da dimisioa eman duenetako bat, eta hark zuzentzen duen MoDEM alderdi zentristako ordezkarien babesa galtzeko arriskua hartu du Macronek. Baina azken hauteskundeetan Parlamentuan lortutako gehiengo zabalaren ondoren, babes horren beharrik ez zuen. Macronek esperientzia politikorik gabeko aurpegi berriak jarri ditu dimititu dutenen lekuan. Eta horrekin batera beste mezu bat zabaldu du: ezin da politika berririk egin politikari zaharrekin.