Itxi

Juanjo Sanmiguel

Analisia

Gerra nuklearra

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

- Erredakzioa -

Auzi nuklearrari dagokionez bi izan litezke botoi gorria sakatu lezaketenak, eta itxuraz ez bata, ez bestea ez dira fidagarriak har lezaketen erabakiaren zentzuari dagokionean.

1947an Energia Nuklearrean lanean ari ziren zientzialarien aldizkariak “Apokalipsiaren erlojua” sortu zuten. Erloju horrek adieraziko liguke gizateria hondamenditik zenbat denborara dagoen, zenbat falta den suntsipenaren irudia den gauerdira iristeko. Eta amaieratik gertuen aurtengo Urtarrilaren 19an izan ginen, Donald Trumpek presidente karguari zin egin aurreko egunean. Gerra Hotzaren garaiko une gordinenetan baino hurbilago.

Estatu Batuetako armategi nuklearra bera da, gaur eta orain dela urte bete. Ez da aldaketarik izan misilen indarrean edo lehergailuen ahalmenean, aldaketa bakarra jaurtiketa egiteko agindua eman lezakeen pertsonan gertatu da. Donald Trumpi buruz esan daiteken gehiena esana dago, eta Apokalipsiaren Ordulariak erakusten digu ez gabiltzala urruti, berriro egiaztatu baitugu arazoa ez dela tresna, erabiltzailea baizik.

Ez dakigu gaur egun,orain dela 50 urte baino hurrenago ote garen gatazka nuklear horretatik, baina orduan eragilea politikoa izango zela garbi genuen, erabakiren bat hartu aurretik munduko agintari gorenek ondo aztertuko zutela egin beharrekoa eta inguruan jende azkarra eta zentzuduna izango zutela azkena izan ziteken erabaki horri buruz aholkuak emateko. Orduan jokoa gardeagoa zen eta protagonistak bi. Gaur egun berriz, zailagoa zaigu gatazka askoren nondik norakoak antzematea, eta munduan arazo eragileen kopurua haunditu egin da. Auzi nuklearrari dagokionez berriz bi izan litezke botoi gorria sakatu lezaketenak, eta itxuraz ez bata, ez bestea ez dira fidagarriak har lezaketen erabakiaren zentzuari dagokionean.

Trumpi buruz azterketak eta benetako tesiak egin dituzte adituek, eta gehienek uste dute edozer gauza egin lezakeela. Ez konpondu, ez zuzendu ezin daiteken nartzisismoak jota, nerabeen gisa Trumpek erabaki bat edo aurkakoa har lezake gogoa duelako, ez hori egokia eta zuzena delako, edo ondo aztertu duelako. Beste aldean duguna ez dugu apenas ezagutzen. Ipar Koreako buru gorenaren irudiak eta herrialde hartaz iristen zaizkigun berri apurrek ez digute aukera haundirik ematen oinarritutako iritzirik izateko. Baina Ipar Korea historiako lehen dinastia komunista da, eta itxuraz agintari nagusiaren borondatea da arrazoi nagusia erabakiak hartzerako orduan.

Esan ohi da armak erabiltzeko ekoizten ditugula, eta hor baditugu lehenago edo beranduago aukera iritsiko dela duten indarra eta ahalmena egiaztatzeko. Eta esan ohi da ez dagoela damutzerik egindako tresnaren arriskuaz, tresna hori esku batetik baino gehiagotatik pasa bada. Arma nuklearrak beti izan dira beldurraren eta mehatxuaren eragile, baina orain badirudi armak berak baino kezka haundiagoa sortzen digutela jostailu gisa erabili lezaketen  bi pertsonai bitxi horiek.