Itxi

Juanjo Sanmiguel

Analisia

Zer nahi dute?

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

- Erredakzioa -

Etsaien eremua mugagabea da, doktrina itxi, estu eta zalantza izpirik gabea goitik behera onartzen ez duen oro baita, eta etsaiari pertsona izaera kendu ondoren edozer gauza egin dakioke.

Enpatia, bestearen buruan jartzeko ahalmena omen da, besteak zer pentsa lezaken edo zer senti lezaken antzematen ahalegintzea. Ezagutzen ditugun pertsona eta egoeratan erraza izan liteke besteak buruan izan lezakeen horretara hurbiltzea, guk ere antzerakoak bizi izan ditugulako normalean. Baina gero eta urrutiago dauden gizaki, pentsaera eta gertaeretara gerturatzea ez da hain erraza, baloreak, abiapuntuak eta helburuak arras ezberdinak direlako.

Gizakion ezaugarri nagusiak beretsuak dira mundu guztian, hemen eta han aurki genezake jende eskuzabala, leku guztietan daude gorrotoa lege bihurtzen dutenak, beti eta edonon izan dira bateren batzuk aldamenekoa hiltzeko prest daudenak zerbait lortzeko… Baina azken urtetan azaldu zaizkigun batzuekiko enpatia ez da batere erraza. Fanatismoa, norberaren iritzia edo sinismena irmotasun itxi eta nekaezinez defenditzea omen da. Eta erlijioa tartean denean sinismen itsua erakusten du fanatikoak, disidenteekiko gupida eza eta errealitatetik erabat kanpo bizi da. Horrelakoak ezagutu ditugu eta ezagutzen ditugu, jarrera itxi eta itsu horiek erlijioan, politikan eta baita kultura kontuetan ere inguruan ditugulako. Baina lurrean paradisua lortzeko lehendabizi infernutik pasarazi nahi gaituzten horiek neurtzeko, zenbatzeko eta iritziak sortzeko ditugun ahalmen eta muga guztiak gainditu dituzte.

Pentsa liteke pertsona bere buruaz beste egiteko prest egon daitekeela, lortuko duen helburua sakrifizioa bezain handia delako. Baina azken urte hauetan suiziden erabilera ohikoa bihurtu dute, ekintza arruntenak egiteko laguna hiltzea zilegi bilakatu dute, gizakion bizitzari balio guztia kenduaz. Etsaien eremua mugagabea da, doktrina itxi, estu eta zalantza izpirik gabea goitik behera onartzen ez duen oro baita, eta etsaiari pertsona izaera kendu ondoren edozer gauza egin dakioke, ez dago mugarik. Urrutiko kobazuloetatik irtendako jendea balitz horrelako jarrera batzuk ulergarriak lirateke, baina aginte postuetan dabiltzan asko eta mezuak egi bihurtzen dituztenak irakasleak, intelektualak, Mendebaldean hazi eta hezitakoak dira.

Inongo eragozpenik gabe historian 1.500 urte atzera egiteko prest daude, tarte horretan gizakia, tximu bihurtuta zerura begira egon bailitzan. Eta sinismen beldurgarri horretara makurtzeko prest ez dauden guztiek sufritzea eta hiltzea merezi dute. Mendebaldeak, gu guztiok, zuzeneko erantzukizuna dugu herrialde zenbaiten egungo egoeran, baina horrek ez du inongo loturarik euren herrikidea, familiartekoa eta erlijio bereko kidea hil arte torturatu eta kameren aurrean lepoa mozteko prest dauden horiekin.