Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Krisia hauteman

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Krisi honek utzitako ikasbide nagusia alferrikakoa izango zaigu, egia dela jakin arren ez gaudelako betetzeko prest: gehiegizko populazioa eta neurriz kanpoko kontsumoa mugatu beharko genituzke.

Aste honetan 10 urte bete dira Bigarren Mundu Gerraz geroztik bizi izan dugun krisi ekonomiko larriena hasi zela. Europar Batasunak eta beste zenbait erakundek amaitutzat jo dute krisialdia eta adierazi dute Batasuna indartuta irten dela garai zail hauetatik. Krisi hitzak esanahi bat baino gehiago du, normalean egoera zaila adierazten digu, baina berez aldaketa garaia da. Eta gure inguruan aldaketa sakonak izan dira alor guztietan.

Estatistika arauek diote bi pertsona dauden lekuan oilasko bat jaten badute, erdi bana eginda jan dutela, bietako batek osoa jan badu ere. Askorentzako latzak izan diren urte hauetan jende asko lanik gabe geratu da, beste askoren lan baldintzak nabarmen okertu dira eta gehienok pobretu egin gara. Aspaldi lanean ari direnak eta hasiberrien arteko aldea izugarri zabaldu da, eta batez ere, guztiok ohartu gara gure ezintasunaz eta ahuldadeaz. Oinarri sendoak ei zeuzkaten egiturek dar-dar egin dute, hauskorrak direla erakutsi digute.

Leku askotan ez dira ohartu garai berezietan ginetik, okerrago egotea ezinezkoa zaielako. Krisiaren ondoren gure herrialdeek erakusten dituzten datuak ikusita, aberastasunaz, gizarte babesaz edo oinarrizko zerbitzuez, munduko biztanleen 10tik 9k esango luke hona etorri eta hemen bizi nahi duela. Krisiak astinduta gure eskualde batzuentzat pobrezia eta oinazea izan dena ,beste leku batzuen aberastasuna eta zoriona bilakatu da.

Krisi honek utzitako ikasbide nagusia, hala ere, alferrikakoa izango zaigu, egia dela jakin arren ez gaudelako betetzeko prest. Gure arazo larri guztiek bi eragile nagusi dituzte, gehiegizko populazioa eta neurriz kanpoko kontsumoa. Hazkundea mugatu eta gure beharrak asetzeko erak murrizten ez baditugu urte gutxi barru irteerarik gabeko bidean aurki gaitezke. Baina ez dugu ezer egingo, arazoaren larritasunaz ez garelako jabetzen, baina batez ere, gure sistema ekonomikoa ekoizpen gero eta handiagoan oinarrituta dagoelako, eta ez dugulako baliabiderik norabidea aldatzeko, krisi honek erakutsi arren garamatzan ibilgailua zuzenean amildegira dioala.