Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

FARCen izen berria

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Orain arte, bazirudien FARC siglak mantentzeko prest zeudela, baina jabetu dira ez direla uste bezain estimatuak eta izen neutroagoa bat onartzea aztertzen ari dira.

Armak utzi ostean hartuko duten norabidea erabakitzeko kongresua egiten ari dira FARCeko 1.000 militante baino gehiago Bogotan. Joan den abuztuaren 15ean, Nazio Batuen Erakundeko ikuskatzaileek esandakoaren arabera, FARCek utzi dio jada talde armatu izateari, eta gerrillariek entregatu dituzte euren armak. Orain, bake-planaren hurrengo urratsa da martxan jartzera doazena: FARC legezko partidu politiko izateko eraldaketa.

Bogotan batzartutakoek bi kontu onartu behar dituzte: partiduaren programa edo bide-orria eta izena. Ideologiari buruz, ez dago zalantzarik, eta atzo Rodrigo Londoñok, Timochenko gisa ezagutzen denak, oso garbi utzi zuen: alderdi politiko iraultzailea eta bolivartarra izango da. Alegia, egun, Kuban edota Venezuelan gobernuan daudenengandik oso gertu egongo dira.

Hauteskundeetara aurkezteko erabiliko duten izena, berriz, dirudiena baino garrantzitsuagoa da. Orain arte, bazirudien FARC siglak mantentzeko prest zeudela, baina zentzu berri bat emanez: Kolonbiako Indar Alternatibo Iraultzailea izena jarriz. Baina, antza, jabetu dira ez direla uste bezain estimatuak eta kolonbiar askori FARC izenak oroitzapen oso txarrak eragiten dizkiola. Horregatik, orain izen neutroago bat onartzea aztertzen ari dira; Kolonbia Berria tankerakoa.