Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

'Brexit'aren ordularia aurrera doa

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Badirudi urrun dagoela EBren eta Erresuma Batuaren arteko dibortzioa, baina 2019ko martxoaren 29a hortxe dago. Gainera, geunden leku berean gaude.

Europako Batasuneko 28 herrialdeetako gobernuburuek Bruselan eztabaidagai dute gaur duela hilabete batzuetatik eztabaidatzen ari diren gauza bera: nola iritsi akordio batera 'Brexit'aren inguruan, guztientzat ahalik eta onena izan dadin, bai britainiarrentzat baita gainerako europarrentzat ere. Hilabeteak badoaz, akordioak ez dira iristen eta ordularia aurrera doa…. Oraindik urrun dagoela dirudi horretarako jarri zuten epe-muga, baina 2019ko martxoaren 29a hortxe dago. Geunden leku berean gaude:  britaniarrek aldi berean negoziatu nahi dute irteteko akordioa eta nola izango diren etorkizunean harreman komertzialak. Baina gainerako europarrek diote lehenik eta behin banaketaren baldintzak negoziatu behar direla, eta gero ikusiko dugula ea lagunak izaten segitzen dugun eta elkarrekin zerbait hartzera joateko moduan gauden.

Hiru gaien inguruan berehalako erantzuna eskatu diote buruzagi europarrek Theresa May lehen ministro britaniarrari: zer gertatuko den Erresuma Batuan bizi diren europarrekin, banaketa horretan zenbat diru jarriko duten britainiarrek, eta nola antolatu Ipar Irlanda eta Irlandako Errepublikaren arteko muga. Oraingoz Mayk pauso txiki bat baino ez du eman aurrera. Erresuma Batuan bizi diren hiru milioi herritarrei esan die lasai egoteko, bertan segi ahal izango dutela, baina  hiru milioi herritar horiek ez dira fio, eta EBko herrialdeak ere ez.