Itxi

Juanjo Sanmiguel

Analisia

Iraultzak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Inperio Errusiarra Sobiet Batasuna bihurtu zuen iraultzaren urteurrena betetzen den honetan, Txinako Alderdi Komunistak bere garaipenaren aldarrikapena ekarri duen batzarra egin du.

Inperio Errusiarra Sobiet Batasuna bihurtu zuen iraultzaren urteurrena betetzen den honetan, Txinako Alderdi Komunistak bere garaipenaren aldarrikapena ekarri duen batzarra egin du. Xi Jinping, alderdiko idazkari nagusia, armada buru eta Txinako presidenteak bi mezu garbi bidali dizkio Munduari Kongresuko hitzaldian, Mendebaldeko ereduak Txinan ez duela balio, eta ekonomiaren eta gizartearen garapena etenik  gabekoa izango dela hemendik aurrera ere.

Baina egun hauetan, Pekingo Herriaren Jauregian orain arte entzun gabeko hitzak aditu ditugu, Txinako gizarte eredua eta antolaketa politikoa, ezagutzen ditugunak baino hobeak izan litezkeela. Indibidualismoaren ordez taldearen indarra erakusten digulako, bestea menderatu beharrean elkarbizitza eta elkarlana dituelako oinarri, lehia erasokorraren ordez harmonia. Bai gizarte antolaketa, baita eredu ekonomikoa ere egokiagoak izan litezkeela batez ere garapen bidean diren herrialdeentzat. Eta Xi Jipingen pentsamendu hori Txinako Konstituzioan jasoko dute eta eskoletan eta unibertsitateetan ikasiko dute bertako gazteek.

Esan ohi da Mao Zedongek Txina japoniarren inperialismotik eta Mendebaldearen kolonialismotik atera zuela, Den Xiapingek ekonomian egindako berrikuntzen bidez garapen bidean jarri zuen ordurarte pobrea zen herrialdea, eta Xi Jinpingek Txina Munduko lehen potentzia izatera eramango duela. Normalean historiako aro bakoitzean garapen politiko eta ekonomiko handiena izan duen herriak ezarri ditu bizitza ereduak, indarraren bidez edo erakargarrienak zirelako. Aurreikuspen batzuk betetzen badira, hemendik urte batzuetara Txina izan liteke Munduaren antolaketa zuzenduko duen herria.

Ez dakigu hori gertatuko ote den, baina zalantzarik gabe Txina izan da azken 15 urtetan Munduak bizi izan dituen krisi guztien irabazlea. Krisi ekonomikoak Mendebaldeko herrialde aberatsenak astindu dituenean, Txina bihurtu da guztien euskarria, gaur egun beraiek zuzendu edo baldintzatzen dute jarduera ekonomiko oro. Brexitak Europar Batasunaren oinarriak kolokan jarri ditu, Alemanian Angela Merkelek indarra galdu du, Estatu Batuetan presidente harrigarria aukeratu dute, Munduan zukeen eginkizuna betetzeko gai ez dena. Mendebaldean bestalde joera makurrenak nagusitu dira:elkartasun eza, kanpotarrekiko mespretxua. Bakoitza bere gotor lekuan  babestu da, gertukoen itzalaren bila eta kanpokoari ateak itxita. Ekonomian ezin dugu Txinarik gabe iraun, politikan erakargarriena zen eredua xahutu dugu, alor moralean ezin dugu ezer eskaini.

Urte batzuk barru nagusituko diren ereduak indartsuenenak izango dira berriro ere, eta gu gero eta ahulagoak gara eta itxuraz erakargarrienak izateko aukera  galdu dugu. .