Itxi

Juanjo Sanmiguel

Analisia

Gu eta besteak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Esan ohi da norberaren burua ezagutzeko,zer garen eta nolakoak izan gintezken egiaztatzeko derrigorrezkoa dela iritzi eta ikuspegi ezberdinak uztartzea.

Esan ohi da norberaren burua ezagutzeko, zer garen eta nolakoak izan gintezken egiaztatzeko, derrigorrezkoa dela iritzi eta ikuspegi ezberdinak uztartzea. Ispiluaren aurrean azaltzen zaizkigun irudiak edo burkoan giraka gabiltzala gure buruari egiten diogun aitortza zintzoenak ez du gehienetan zerikusirik izaten besteek gutaz duten usteaz. Eta, zer esanik ez, urrutitik noizbehinka ikusten gaituztenek izan lezaketen inpresioaz.

Gizabanakotik talderainoko pausoa emanez gero, hartu-emanen orekak beretsuak dira, gu garena besteekiko garenaren araberakoa baita. Talde gisa uste dugunak nahi eta nahi ez behar du besteen iritziaren galbahea, non gauden jakin eta norantz jo genezakeen irudipena izateko. Nazioarteko harremanetan adierazitakoa bezain garrantzitsua da zer ez den esaten, edo hitzik gabe jakinarazten digutena. Horregatik, gure mugetatik kanpo eragina izan lezakeen edozein erabaki hartu aurretik komeni da jakitea zer uste duten besteek gutaz edo egin asmo dugun horretaz. Edozein Gobernuk edo erakundek ondo aztertu behar du nolakoa izan liteken beste Gobernuen eta nazioarteko erakundeen erantzuna, berak hartutako beharreko erabaki hori dela eta.

Zorionez edo zoritxarrez, itxuraz ukaezinak iruditzen zaizkigun egiak ez dira orokorrak izaten. Demokrazia edo eskubideak aldarrikatzerakoan, mundu guztiak ez du iritzi bera, zer diren eta, batez ere, nola erabili litezken finkatzerakoan. Irakeko kurduek uste zuten Estatua izateko eskubidea zegokiela. Estatu Islamikoaren aurka egindako ahaleginak eta azaldutako kemenak Mendebaldea behartzen zuela eskubide hori onartzera. Urtetako autonomia zabalaren ondoren, ziur zeuden Bagdadek ontzat emango zuela denboraren poderioz ezinbestekoa bilakatutako egoera. Usteak ustel. Inork ez du independentzia onartu, kurduek zeukaten diru iturri nagusia, Kirkukeko petrolioa, galdu dute, eta Barzani presidenteak dimisioa eman behar izan du, besteek uste zutena ez jakiteagatik eta mugaz bestaldekoek egingo zutena ez antzemateagatik.

Katalunian gertatu denak harridura handia eragin du, eta seguruenera ustekabeko gehiago izango dugu datozen aste eta hilabeteetan. Baina Bartzelonako Gobernuak bere pausoak ematerakoan ez dio jaramonik egin mugaz harat gerta zitekeenari, besteek pentsa zezaketenari, atzerritarrek nola erantzungo zioten beraientzat ezinbestekoa zenari. Sarri aipatu dute Eslovenia hilabete hauetan, baina Esloveniak Alemaniaren oniritzia lortu zuen lehendabizi, gero laguntza ekonomikoa jaso eta aldarrikapena egiterakoan ziurtatua zeukan Suedia, Islandia eta Alemaniaren erabateko onarpena, Estatu gisa errekonozimendua. Barruan egindakoak kanpokoen, besteen, egiaztatzea behar baitu, nahi eta nahi ez.