Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Edukazioa

Juanjo Sanmiguel

Juanjo Sanmiguel

Donald Trump AEBko presidentea Asian izan berri da eta, dirudienez, Japonian ondoeza eragin du bere portaerak, protokolo arau guztiak hautsi baititu.

Edukazioa gizatalde orok besteekiko errespetua erakutsi eta elkarbizitza atseginagoa izan dadin onartutako arauak omen dira. Edukazioa edo heziketa, umetatik jasotzen ditugun ezaguerak, trebetasunak, sinismenak, ohiturak, balioak. Bizitzan zehar beharko ditugun baliabideak ere ba omen dira. Baten batek esan zuen hezkuntzak pertsonari izan daiteken hori izatera iristen laguntzen diona dela.

Aste honetan Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentea Asian izan da, eta dirudienez, Japonian benetako harridura, eta batez ere, ondoeza eragin du bere portaerak. Enperadorearekiko harremanetan protokolo arau guztiak hautsi ditu, seguruenera ezjakintasunaren ondorioz. Baina ondoren japoniarrentzat sakratuak eta errespetu irudi diren arraiei, zamo arruntei, jaten eman behar zien. Berehala aspertu zen eta eman zioten poltsatxoa, janaria apurka-apurka bota zezan, dena batera bota zuen ingurukoen txundidura eraginez. Trumpek horrelakoak behin baino gehiagotan egin ditu. Aurtengo maiatzean NATO erakundearen batzarrean Montenegroko lehen ministroa oratu eta alde batera bultzatu zuen bera lehen lerroan jarri ahal izateko.

Ordezkari politikoek, herritarrak ordezkatu eta gizartea antolatzeaz gain, eredugarri behar dute izan, hautatu dituzten herritarren izaera eta balioekiko begirunea azaldu ados ez badaude ere. Baina horretarako heziketa egokia eta norberaren buruarekiko eta besteenganako errespetua adieraziko duen edukazioa ezinbestekoak dira, eta itxuraz presidente estatubatuarrak ez du ez bata, ez bestea. Esan ohi da gaur egungo politikoak orain dela urte batzuetakoak baino eskasagoak direla, prestakuntza okerragoa eta urriagoa dutela, ez direla gai arazoei aurre egiteko eta gizartea zuzentzeko, behar izanez gero egia gordina adierazi eta gerta litekeena ezkutatu gabe. Beste batzuek diote, aldiz, politikoak garai bakoitzean ordezkatzen duten gizartearen isla eta erakusgarri direla, azken finean, gizarte horren egoeraren eta ahalmenen adierazle. Baliteke biak egia izatea, baina leku batzuetan zalantzaren bat sor liteke. Estatu Batuetako gizarteak epe motzaren barruan Obama eta Trump presidenteak izan dituelako, erabat diferenteak, bi mundu ezberdinetatik sortuak baliran. Baina, berez, gizarte beraren buruzagi eta menpeko.

Donald Trump ziur aski ezagutu dugun Estatu Batuetako presidente harrigarriena da, arau eta eredu guztiak hausteaz aparte, bere izaera baldarraz harro dirudielako. Baina pentsa eta egin dezakeenari buruzko kritikak edo desadostasunaz gain, horrenbeste jende ordezkatzen duen buru politikoari gutxieneko batzuk eska dakizkioke, batez ere bere herria ordezkatzera irteten denean, baina Trump itxuraz guzti horren gainetik dago. Behin baino gehiagotan Ronald Reagan presidente ohiaren parean jarri izan dute, baina alde haundia dago bata eta bestearen artean, Reaganek bazekien ez zekiela; Trumpek ez daki ez dakiela.