Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Denbora

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Robert Mugabe gaur egun boterean den politikari zaharrena da munduan. Nelson Mandela izan zitekeen, baina zahar gogaikarri eta gorroto guztien xede bihurtu da. Ez du denboran kokatzen jakin.

Gizakiak Jainkoa eta denbora asmatu zituen arrotza zitzaion munduan ez galtzeko, etengabeko zalantza eta noraezen aurrean iparrorratza eduki ahal izateko. Denborak bizitza antolatzen digu, ohiturak eta errutinak eramangarri bihurtzen ditu, non gauden eta norantz goazen erakusten digu. Denbora ezinbestekoa zaigu, baina egia da aukeratutako antolaketa beste bat izan zitekeela. Egunari 24 ordu jarri dizkiogu, baina erdia izan zitekeen, gaua eta eguna har litezke pasatzearen adierazle bakartzat, edo ilargiaren gorabehera hutsak.

Denborari lotuta, berriz, badira erabat ulergaitzak zaizkigun alderdiak, betikotasuna esate baterako, amaitzen ez dena eta hasierarik ez duena. Denboraren iraupena, aldiz aldakorra da, segundoen taupadek ez dutelako abiada bera egoera guztietan eta pertsona guztiontzat… Baina denbora behar-beharrezko tresna izan arren, gehienetan erabilera okerra egiten dugu. Gure buruan ondo samar koka genitzake pasatze horren gorabeherak, baina inoiz ez dugu asmatzen gure burua denbora horretara nola egokitu. Gehienetan azkarregi amaitzen dugu, presaka. Beste askotan ez dugu jakiten noiz bukatu, noiz alde egin.

Gizakion jarduera gehienetan, baina batez ere politikan denboraren neurketa oker horrek, asmo zintzoenak eta pertsona egokienak hondatzen ditu. Aste honetan Zimbabwe izan dugu albiste, Robert Mugabe herrialdeak independentzia lortu zuenetik izan duten agintari nagusi bakarra. 93 urte ditu eta gaur egun boterean den politikari zaharrena da munduan. Rhodesia arrazistan gazte iraultzailea izan zen, preso politikoa, herri zapalduaren itxaropenaren eredua eta irudia, Nelson Mandela izan zitekeen, baina zahar gogaikarri eta gorroto guztien xede bihurtu da. Ez du denboran kokatzen jakin.

Mugabe muturreko eredua izan liteke, baina nahi adina dugu askoz gertuago, asko baitira denborari neurria hartzen jakin ez dutenak. Lehia lekuetatik zuzenean bota behar izan dituzten kirolariak, auzo-lotsa eragiten duten artistak, mugarik onartzen ez duten ordezkari politikoak, erretiratze adina iritsi zaiela ohartu ez diren pertsonak… Gero eta gehiago dira bidea zehaztu eta argitzeko asmatu genuen tresna horretan harrapatuta geratzen direnak. Irautea irabaztea dela dio esaerak, baina ustezko garaipenari neurri gabe eusteak galtzaile triste eta penagarrienak bihurtzen gaitu.