Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Une txarra Alemanian gobernurik ez egoteko

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Alemania gobernu gabe dagoen bitartean, ez atzera ez aurrera egongo dira Europar Batasuna erreformatzeko proiektuak. Eta kaltegarria da 'Brexit'a negoziatzen ari delako.

Alemania orain artean ezagutu gabeko egoeran dago. Azken 70 urtean, inoiz ez dira hauteskundeak errepikatu behar izan eta beti osatu dira koalizio gobernuak bi alderdiren artean, eta batzuetan hiruren artean. Alderdi bakar batek ere ez du inoiz gehiengo absolutua lortu, baina koalizio gobernuek beti izan dute gehiengo parlamentarioa, beraz, inoiz ez da gutxiengoan aritu den gobernurik izan. Baina orain, demokristau, liberal eta ekologisten negoziazioen porrotak posible egin ditu orain arte ezagutu gabeko bi aukerak. Hasi dira Merkelek gutxiengoan gobernatzeko aukera aipatzen, eta baita hauteskundeen aurrerapena ere, otsaila aldera izango liratekeenak.

Steinmeier Alemaniako presidenteak azken ahalegina egingo du sozialdemokratak konbentzitzeko 'Koalizio handia' egin dezaten demokristauekin. 2013 eta 2017 bitartean indarrean izan den koalizioa da baina Martin Shultz sozialdemokraten buruak ez du errepikatu nahi. Eta adi: Alemania gobernu gabe dagoen bitartean, ez atzera ez aurrera daude Europar Batasuna erreformatzeko proiektuak. Eta kaltegarria da Alemania gobernu gabe geratzea, hain zuzen, 'Brexit'a negoziatzeko garaia iritsi denean.