Itxi

Juanjo Sanmiguel

Analisia

Aurrerabidea

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Datozen urteetan esker milioika lanpostu burdin eta altzairuzko automatek beteko dituzte, gau eta egun lan egiteko gai direnak, eta alferrikakoak bihurtuko dituztenak haragizko hankabikoak.

Aurrerabideak gizakion bizimoduan, bizitza baldintzetan hobekuntza adierazten du. Aurrera begira jorratutako bidean izandako lorpenak erakusten dizkigu, elkarlanean egindako ahaleginaren emaitzak. Hitzak, zalantzarik gabe gure jardueraren alde onenak, goraipagarrienak azpimarratzen ditu; ”aurrera goaz, ondo ari gara”. Azken hamarkadetan badirudi aurrerapen horren gurpilak azkartu egin direla, berrikuntzak eta aurkikuntzak ia eguneroko kontua bihurtu dira, ondorioz aldaketak eten gabeak dira, benetako gurpil zoroan murgildu gaituzte, ustekabeak eta harridurak arnasa hartzeko aukerarik gabe uzten gaituztelarik.

Gure bizitzan zuzeneko eragina duten aurrerabide horren bi adierazle nagusiak dira, urte gutxitan bizi-itxaropena horrenbeste luzatu izana eta orain arte guk egiten genituen lanak egiteko asmatu ditugun robotak. Guztiok gehiago bizi nahi dugu, ahalik eta urte gehien eta baldintza egokienetan. Baina aditu guztiek diote bizitza luzatu ahala, mota guztietako arazoak sortzen zaizkigula:osasuna hondatu, harremanak ahuldu edo galdu egiten ditugu, egunerokotasunean zailtasunak azaltzen zaizkigu…Adin batetik aurrera ia ezinbestekoak dira gaitzak, mugitzeko zailtasunak edo norberaren buruaren jabe izateko ezina. Horrek ondoeza sortzen dio jasaten duenari eta ingurukoei, benetako zama ekonomiko eta psikologikoa bihurtzen direlako.

Tokion izan berria den azokan, ”Roboten Mundua” izeneko erakusketan, makina harrigarriak aurkeztu dituzte, gaur egun pertsonok bakarrik egin ditzakegun lanak egiteko gai direnak:ibilgailuak gidatu, gaixoak zaindu, haurrei ingelesa irakatsi. Orain arte sortutako robotek eskulan gehienak egiten dituzte, langile arrunten eginkizun ia guztiak betetzeko gaitasuna dute, gu iritsi ezin gaitezken lekuetara ailegatzeko gai dira, baldintza gogorrenetan lan egin dezakete, ez dira nekatzen eta ez dute soldatarik behar. Datozen urtetan aurrerabideari esker milioika lanpostu burdin eta altzairuzko automatek beteko dituzte, gau eta egun lan egiteko gai direnak, eta alferrikakoak bihurtuko dituztenak haragizko hankabikoak.

Historian zehar aldiro-aldiro bizi izan ditugu horrelako egoerak, aurrerakuntzek beldurra eta kezka sortu dituzte eta aurkako jarrerak eragin. Esan ohi da aurrerabideari ezin zaiola oztoporik jarri, atzerakoi ezjakinek bakarrik hartzen dituztela horrelako jarrerak. Baina arrakasta behin baino gehiagotan bihurtu da hondamendiaren eragile, batez ere gure ahalmenaren indarra neurtu ez dugunean, sortutakoak sortzailea jan duelako. Agian urte gutxiago bizitzea, arnasa eta taupadak besterik gabe ez luzatzea egokiagoa izan liteke, ikerketa eta aurkikuntzetarako ahalegina neurtu eta bideratu litekeelako. Eta zorionez horretarako ere ahalmena badugu borondatea izan ezkero.