Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Egien gezurrak

Juanjo Sanmiguel

Juanjo Sanmiguel

Aste honetan ezagutu dugu Ameriketako Estatu Batuetako eta Singapurko adituek egindako ikerketaren emaitza: Yetia ez da gizakia, mitoa hartz xume batean oinarrituta dago.

Aste honetan ezagutu dugu Ameriketako Estatu Batuetako eta Singapurko adituek egindako ikerketaren emaitza: Himalaia mendikateko pertsonaiarik liluragarriena, Yetia, ez da gizakia, ez du inongo harremanik gure antzerako antropomorfoekin. Mitoa hartz xume batean, Himalaiako hartz nabarrean, oinarrituta dago.

Gizakia gizaki denetik mitoen beharra izan du ulertzen ez zuenari esplikazioren bat emateko. Mendiak, basoak eta oihanak izaki bitxiz eta harrigarriz beteta izan ditugu, sekula ikusi gabeko benetako azti eta sorginak, mamu eta pizti beldurgarriak. Bizitza eta ametsak ilunpetan, itzalpean isilik mugitzen ziren jainkotxo eta deabru hauen inguruan eraiki ditugu. Baten batek filosofia eta terapien oinarri jasoak ere bihurtu ditu. Baina, halako batean, erabaki omen genuen guztiak azalpena behar zuela, arrazionalismoa zela bide bakarra, mitoek haurrak beldurtzeko edo nahasteko besterik ez dutela balio.

Zorionez edo zoritxarrez gizakiak ezin du neurtu eta ukitu daitekeenaz bakarrik bizi. Eguneroko errealitatea gordinegia da, adimena lausotu eta mugaz bestaldean zer edo zer badagoela sinistu beharrean gaude, ezer ez dagoela jakin arren. Eguna joan eta eguna etorri, egi mugiezinak ziruditenak erortzen zaizkigu. Basoetan arbolak eta txoriak bizi dira. Mendi gailurretan hotza besterik ez du egiten. Oihan sakonenetan petrolio ustiategia aurki genezake. Itsaso zabalean bale eta arrain arruntak ezkutatzen dira, besterik ez…

Eta hala eta guztiz ere, munduan gabiltzan 7. 400 miloi gizakietatik hamarretik bederatzik jainkoren bat badagoela sinisten du, izadia norbaitek egin zuela, gure "hemengo" bizitza beste norabaiterako igaroleku dela. Basoetako bidutzien gisara oro egilea inoiz ez zaigu bisitan etorri, inork ez du sekula ikusi, baina gizaki gehienok gure izaeraren ardatz nagusitzat dugu.

Ezaguerak, zientziak eta jakituriak zer garen eta nondik gatozen erakusten digute, zer den egia eta zer gezurra zehaztu. Baina gizakiok jan, edan eta lo egin baino gehiago behar omen dugu, esna gaudela amets egitea ezinbestekoa bihurtu zaigu. Horregatik mitoen beharra dugu, arbola artean otsoa zelatan dugula, edo yetiak gizakion hastapenei buruz zerbait adieraziko digula sinistu. Sinismen gabeon esparru txiki horretan zientziari ez sartzeko eskatu beharko genioke, gezurra izan gabe egia ez dena; egia ez izan arren erabilgarria egiten zaiguna aldarrikatzeko.