Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Ustekabekoak

Juanjo Sanmiguel

Juanjo Sanmiguel

Donald Trump AEBko presidentean Jerusalem Israelgo hiriburu izendatzeko hartutako erabakiaren inguruan egindako analisia.

Ziur aski Donald Trump ezagutu dugun pertsonai harrigarrienetakoa da,gehienok gutxietsi egin dugu eta hartu dituen erabakiak txantxa edo benetako adarjotzeak zirela iruditu zaizkigu. Baina Trumpek egiten duenak, zergatia du, ez ditu zoro-zoro pauso zentzugabeak ematen. Baina hala balitz ere, duen botereak eta eraginak garrantzi berezia ematen dio egiten duen guztiari.

Bere azken irtenaldia Jerusalem hiriaren estatusari buruzkoa izan da. Aurreko presidenteen jarrera zuhurra eta nazioartearen arau idatziak eta idatzi gabeak urratuta,aurrera jotzea erabaki du. Mundu guztiak gaitzetsi du egindakoa.palestinarrek diote inpernuaren ateak iriki dituela,gobernu arabiarrek gasolinari sua bota diola eta Mendebaldekoek arauak eta akordioak errespetatu beharra dagoela eta negoziazioa dela auzi hau konpontzeko bide bakarra.

Baina Trumpek badaki zer egin duen. Estatu Batuetan laguntza eman dioten juduei eta talde kontserbadoreenei esker onekoa dela erakutsi die.Israelgo gobernuari bazkide fidagarria dela adierazi.Gobernu arabiar guztiek gogor jo dute erabakiaren aurka,baina azken urtetako erreboltek oso ahulduta utzi dituzte oraindik agintean segitzen dutenak, gehienek badakite Estatu Batuen babesik gabe aspaldi kanpoan egongo liratekela. Errusiak eta Txinak desegokitzat jo dute, Europar Batasunak berriz arriskuak azpimarratu ditu. Baina inork ez du ezer egingo, guztiek dakitelako Jerusalem aspaldi dela Israelgo hiriburua, enbaxada guztiak Tel Aviven egon arren.

Trumpek erabakiak hartzen dituenean badirudi bost ajola zaiola egindakoak ekarri lezakeena; batzuetan badirudi hori bilatzen duela, besteak ustekabean harrapatzea. Baina gaur egun, goi mailako buruzagi edo arduradun batek egindakoak ezin ditu besteak ezustean atzeman, politikoen eta diplomatikoen lehen eginkizuna gerta litekeena asmatzea edo gutxienez susmoa izatea delako. Trumpek ez du gezurrik esaten, danborrez eta tronpetaz iragartzen ditu bere asmoak, ondorengo gaitzespenak beraz,itxurakeria besterik ez dira.

Estatu Batuak haundiegiak eta garrantzitsuegiak dira,agintean dagoena alor guztietan maila eskasekoa izan arren.Trumpek inongo lotsarik gabe beltzak,arabiarrak,txikanoak eta musulmanak iraindu ditu.Emakumeak gutxietsi.Europarrak mespretxatu.Gezurrak non-nahi eta noiz-nahi esan ditu.Mehatxuak egin ditu.Torturak zilegi direla adierazi.Keinu lotsagarrienak izan ditu nazioarteko batzarretan.Gizateriarentzat berebiziko garrantzia duten hitzarmenak hautsi ditu.Oinarrizko arau politiko eta diplomatikoak urratu ditu…Trumpek ez gaitu sekula engainatu.