Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Mugak eta marrak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

AIk gogor kritikatu du Europar Batasunak Libian gertatzen ari diren gehiegikerietan duen erantzukizuna. Baina ez da EBk jaso duen salaketa bakarra.

Amnesty International erakundeak Europar Batasunak Libian gertatzen ari diren gehiegikerietan duen erantzukizuna salatu du aste honetan. Bruselako agintariei leporatu die helburu bakarra izatea, etorkinei Europarako bidea ixtea, horretarako prest leudeke bestaldera begiratzeko immigrante horiek pairatzen dituzten izugarrikerien aurrean.

Ez da Europar Batasunak jaso duen salaketa bakarra. Giza eskubideak urratzen dituzten gobernuekiko akordioak egin izana, lan baldintza miserableak dituzten herrialde eta enpresekin hitzarmenak sinatzea, etxean irizpide batzuk izan eta kanpoan beste batzuk erabiltzea egotzi izan zaio sarri… Agintari europarrek erantzun ohi dute nazioarteko harremanetan oso zaila dela zikindu gabe jokatzea, oso gutxi direlako munduan giza eskubideak errespetatu eta oinarrizko arauak betetzeko prest diren gobernuak eta erakundeak.

Eta egia da, guk ere sarri salatu eta aldarrikatzen dugu jokaera zenbait onartezinak direla, baina ondoren ez dugu jakiten erosi duguna non eta nola egin duten, edo enpresa horrek bere langileen eskubideak errespetatu eta zuzen jokatzen ote duen. Bidaiak eta turismoa egiten dugunean, gauden lekuan gertatzen ari dena ezezaguna zaigu gehienetan. Ezer gutxi egiten dugu, gure esku izan arren, salatutako bidegabekeria horiek konpondu edo gutxienez arintzeko.

Baina egia da politikoek erantzukizun handiagoa dutela. Arduraz gain, benetako eskumena eta ahalmena dute erabakiak hartu eta euren jokaeraren bidez beste batzuena aldatzeko, azken finean nazioarteko harremanak, oraindik ere, indarrean edo boterean oinarrituta daudelako, indarkeria ez erabili arren. Horregatik Bruselan egoitza nagusia duten buruzagiei, mugak zeharkatzerakoan jakin dezatela non dauden sekula gainditu ezin daitezken marrak eska dakieke. Eta marra horiek gainditu beharra dagoenean, guk uste baino gehiagotan, azaldu dezatela zergatik egin dute.

Gardentasuna demokraziaren eta askatasunaren oinarrietako bat da, baina egoera askotan erabakiak hartu eta aurrera jotzeko oztopo nagusia bihurtzen da, eta ez bakarrik buruzagi horien erruz. Klima aldaketari nola aurre egin da gizateriak gaur egun duen erronka nagusia, gure etorkizuna jokoan delako. Mundu guztiak aitortzen du denbora agortzen ari zaigula, erabaki mingarriak hartu beharra dagoela, baina dirudienez uste eta nahi baino zailagoa da hori. Klima aldaketari aurre egiteko gaur hartu behar ditugu neurriak, guk egin behar ditugu sakrifizioak, eta dirudienez, ez gaude horretarako prest. Politikoek badakite hurrengo hauteskundeak galduko dituztela hautesleen gustuko programak egiten ez badituzte. Hauek, aldiz, ez daude prest, euren bizimodua hondatuko duten pausoak eman eta erabakiak hartzeko. Dirudienez, nahiago dugu gezurra entzutea, eragozpenak sortuko dizkigun egia baino.