Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Kubako errelebo politikoa apirilean izango da

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Irma urakanak atzeratu zuen hauteskunde prozesua, eta otsailean behar zuen aldaketa, apirilean egingo dute. Miguel Diez Canel presidenteordeak hartuko du Raul Castroren lekukoa

Kubako errelebo politikoa bi hilabetez atzeratuko da. Datorren otsailean utzi behar zuen Raul Castrok Presidentetza, baina apirilera arte behintzat eutsi egingo dio. Ez da azalpen arrarorik bilatu behar: kontua da Irma urakanak atzeratu egin duela hauteskunde prozesua. Orduko hartan, bertan behera utzi behar izan zituzten udal hauteskundeak. Eta Kuban, udal hauteskundeak egin behar dira aurrena; gero, Parlamentukoak eta, azkenik, presidentzialak.

Beraz, apirilera arte itxaron beharko dugu Miguel Diaz Canel presidenteordeak Raul Castroren lekukoa nola hartzen duen ikusteko. Diaz-Canelek 57 urte ditu, ez da iraultza egin zuen buruzagietako bat, eta Castrotarrek ia 60 urtez zuzendu duten herrialdearen gidaritza hartu beharko du. Ez da kolpeko aldaketarik espero. Diaz-Canelek egungo lerroari jarraituko dio: ekonomiari apur bat ateak zabaldu, baina politikoki orain arte bezala jarraituta. Badaezpada ere, Raul Castrok Kubako Alderdi Komunista zuzentzen jarraituko du 2021era arte.