Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Ongizatea

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Atlantikoaren bi aldetan oso jarrera eta iritzi ezberdinak ditugu gizarteak gizabanakoaren alde egin behar duenaz, eta gizabanakoak gizartean duen lekuaz.

Ongizatea zer den zehaztea ezinezkoa zaigu, bakoitzak irizpide ezberdinak dituelako "ondo izan" edo "ondo egote" horri buruz. Bat etor gintezke, hala ere, denboraldi batean era baikor eta atseginean gaudenean, gure buruarekin bakean eta etorkizuna itxaropenez aurreikusten dugunean, ongizate horretan gaudela aitortzerakoan. Baina hitzak beste esanahi batzuk ere baditu, "ondo bizitzeko behar ditugun baliabideak izatea" ongizatea omen da. Gizakion lorpen handienetakoa, berriz, ongizate gizartea dela esan genezake, guztion aberastasunaren zati bat era orekatuan banatzen duen estatua, herritarren oinarrizko beharrak ase eta aukera bertsuak ematen dizkiena.

Aste honetan zergak berriro eztabaidagai bihurtu dira. Trumpek agindutakoa bete du lehen aldiz, aberatsei eta enpresa handiei kutxa publikoan jarri beharreko diru kopurua asko jaitsi die, ondorioz, estatuak gastu murrizketa handi samarra egin beharko du, batik bat giza talde ahulenen laguntza eta babes programetan. Europan zergei buruzko eztabaida aspaldikoa da, baina orain arte nagusi izan diren taldeek eta alderdiek onartu dute zergak ezinbestekoak direla, gizarte orekatu eta demokratikoaren oinarriak direla.

Horretan zalantzarik ez badago ere, Atlantikoaren bi aldetan oso jarrera eta iritzi ezberdinak ditugu gizarteak gizabanakoaren alde egin behar duenaz, eta gizabanakoak gizartean duen lekuaz. Europan, familiak, auzoak, inguruko taldeak, herriak… funtsezkoak dira pertsona munduan kokatu ahal izateko. Ingurukoekiko harremanek baldintzatu eta moldatzen dute gure bizitza eta etorkizunak. Horregatik Europan elkartasuna, gertukoekiko edo herrikoekiko lotura agerikoa, ukaezina iruditzen zaigu, eta errazagoa izan zaigu, orain arte, dugunaren zati bat partekatzeko. Hori iruditzen zaigu demokraziaren ardatz nagusietakoa.

Ameriketako Estatu Batuak bide-urratzaileen herria da, herrialde gazteagoa. Hara joan zirenek euren eskuak eta eskopeta zeuzkaten bakarrik aurrera ateratzeko. Ez zegoen estaturik gizabanakoa babesteko, eta utzitako familia edo taldea oso urruti zegoen. Horregatik han zergak, eta ondorioz Estatuak eman lezakeen laguntza bigarren mailako kontua da. Bakoitzak jorratu behar du bere bidea, lortzen ez duenak jakin behar du bere errua izan dela, eta berak atera beharko duela zulotik. Lanik gabe dagoena edo gizartean baztertuta geratu dena, bere kulpagatik da, eta gizarteak hor ez du erantzukizunik. Demokrazia beraientzat aukera izatea da, lana egin eta ahalegintzeko prest dagoenak bidea libre izan lezake, baina horrek ez du esan nahi helburua lortuko duenik. Bakoitzak duena bere merezimenduz lortutakoa da, eta ez du inongo obligaziorik besteei ezer emateko. Horixe pentsatzen dute estatubatuar askok eta askok, eta Trumpek jarrera hori muturrera eraman du berriro ere: heltzetik babak ateratzeko gai ez dena gosez hil dadila.