Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Eskubideen jatorria

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Nazio Batuek Giza Eskubideen Aldarrikapena egin eta 70 urtera, aitortu beharra dugu senak adimenak baino indar handiagoa duela.

Historian zehar, eskubideak gutxi batzuen eskumenak izan dira. Botere politikoa eta militarra izan dutenek, erlijio buruek eta aberatsek eduki dituzte gehiengoak, herria deitutakoak, ukatuta zeuzkan  errespetu arauak. Egoera hori Frantziako iraultzaren ondoren aldatzen hasi zen. 1948an, gizateriak inoiz ikusi gabeko gehiegikeria eta ankerkeria beldurgarrienak bizi ondoren, eskubideen urraketak muga guztiak gainditu eta gero, Nazio Batuek Giza Eskubideen Aldarrikapena egin zuten.

Giza Eskubideak pertsonak gizaki gisa garatzeko behar dituen oinarrizko tresnak dira. Gizon-emakume izate hutsak ematen dizkigu eskubide horiek arraza, azalaren kolorea, sexua edo hizkuntza edozein izanda ere. Horrek balio beharko luke munduan aurrera eta atzera gabiltzan 7.300 miloi gizakiontzat, baina hori ez inoiz hala izan eta badirudi azken urteetan atzera egin dugula.

Zerk ematen dio persona bati besteak ez duen eskubidea? Noiztik aurrera batzuek dituzten eskumenak ukatzen zaizkie marraz bestalde daudenei? Zenbat denbora bizi behar du batek leku jakin batean lur horri buruzko eskubidea duela aitortzeko? Zeren arabera aldatzen dira hori guztia zehazten duten arauen irizpideak? Posible al da Giza Eskubideen Aldarrikapenak mundu guztiarentzat balio izatea, benetan guztioi onartzea edozein egoeratan eskubide horien jabe garela?

Esan ohi da gizakiok beharren arabera mugitu izan garela beti, pauso bat emateko galtzeko duguna eta irabazi genezakeena balantzaren bi platertxoetan jarri eta pisuak nora jo, harat egiten dugula. Azken urteetan gizabanako zenbaiten eta talde indartsu batzuen jokaerek historia bitan zatitu zezakeela uste genuen eskubideen aldarrikapenaren aurreko garaietara eraman gaituzte. Modu lotsagarrian erakutsi digutelako pertsonok ez garela berdinak, parekotasuna urruti dagoela eta eskubideak eta demokrazia zuzenak direla bakarrik norberari mesede egin edo norberaren helburuak betetzeko balio badute.

Bigarren Mundu Gerrako basakeria harrigarriak pairatu ondoren, gizateriak bere buruari mugak jartzeko beharra onartu zuen. Giza eskubideen urraketa izan zitekeen hesia, ametsgaiztoetara ez itzultzeko giltza. 70 urte pasatu ondoren, aitortu beharra dugu aldarrikapen hura borondatearen eraikuntza polita izan zela, baina oraindik, baita herri aurreratuenetan ere, senak adimenak baino indar handiagoa duela.