Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Gezurren garaia

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Bakoitzak aurkitu beharko du bilatzen ari dena, elefantearen zati guztiak ukituta, arerioaren iritziak entzunda eta betiere eskuetan duena zerbaiten zati besterik ez dela jakinda.

Demokraziaren eta giza eskubideen osasunaz arduratzen diren erakundeak behin eta berriz salatzen ari dira "gezurren garaian" bizi garela. Gaur egun jendearengana iristen diren albisteen erdia baino gehiago asmatutakoak direla, norbaitek sarean jarri dituela nahasmena sortu edo arazoak eragiteko.

"Post-egiaren sasoian" ere bizi omen gara, egia objektiboak baino indar eta eragin handiagoa omen du norberak uste edo sinistu lezakeenak. Baina zer da egia, eta zer gezurra? Gai al gara zuzena eta okerraren artean bereizteko? Zerk adierazten digu jasotzen ari garen hori benetakoa dela eta ez urrutiko ordenagailuetan asmatutako ipuina? Eztabaida honetan komunikabideen jarduerak eta eginkizunak garrantzi berezia hartu du, hauen sinesgarritasunak eutsi beharko liokeelako gero eta hauskorragoa den ziurtasun horri.

Baina apur bat arakatuz gero, komunikabideek, gizarte ordezkariek eta erakundeek zabaltzen dituzten mezuak, izenburua gainditu eta azala urratuz gero ez dago egiaren arrastorik .Egoera beraren aurrean iritzi kontrajarriak azaltzen dizkigute egia borobilak bailiran. Paper ofizialetan idatzitakoa, derrigorrez betetzeko agindua duena ez da sekula gauzatuko. Boterea eta eskumena zutenean zalantzarik gabe lortuko genuena hautsez estalita datza pauso galduen aretoan.

Gaur egungo komunikabide gehienetan albistea iritzi bihurtu dute. Sormenaren aitzakiaz gertakizunak muturreraino itxuraldatzen ditugu. Estatu arrazoiak, egoeraren larriak, helburuaren garrantziak, etekinaren ilusioak… okerra zuzen bihurtzen du, onartezina zilegi. Elefantea ukitu zuten itsuen antzera, komunikabide bakoitzak, alderdi bakoitzak, erakunde bakoitzak hatzetan sumatu duen hura bakarrik erakusten digu, guztien artean osotasuna, benetako irudia adierazi beharrean, itxura gabeko mamua sortuz.

Garai nahasi hauetan behin eta berriz esaten digute ez dagoela egiarik, ezinezkoa dela egia osoa zehaztea, bakoitzak egia horren zati bat duela… eta aitzakia horretaz baliatuta bestaldera goaz, egiarik ez badago, ez dago gezurrik, guztia zilegi da edo gutxienez eztabaidagarria. Gezurren egia edo egien gezurra nagusitu den honetan bakoitzak aurkitu beharko du bilatzen ari dena, elefantearen zati guztiak ukituta, arerioaren iritziak entzunda eta betiere eskuetan duena zerbaiten zati besterik ez dela jakinda.