Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Alferrik da Putini oposizioa egitea

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Errusiako presidenteak ez du arriskurik nahi martxoko hauteskundeetan, eta lehiatik kendu du itzala egin ahal zion hautagai bakarra: Alexei Navalni.

Martxoaren 18an izango dira Errusiako hauteskunde presidentzialak. Baina, egiaz, ez daude zertan egin. Zalantza bakarra da Vladimir Putin oraingo presidenteak zenbat boto aterako dituen:  % 70 edo % 80. Badaezpada ere Putinek ez du arriskurik nahi eta lehiatik kanporatu du itzala egiteko gai zen hautagai bakarra, Alexei Navalni. 41 urteko abokatua da Navalni, ezagun egin da eta badu babesa Putinen kontrako oposizioa batzeko gai izan litekeela pentsatzeko. Hauteskunde Auzitegiak, ordea, bertan behera utzi du haren hautagaitza, iruzurragatik kondena bat duelako. Navalniren arabera, bere kontra propio sortutako salaketa da hori, politikatik urrunarazteko eraikia.

Nalvani hauteskunde boikota ari da bultzatzen. Atzo, Putinen kontrako manifestazioak egin ziren 100 hiri baino gehiagotan. Navalni manifestazio horietako batean zela atxilotu zuten, urtebetean laugarrenez. Moskuko eta San Petesbugoko manifestazioak jendetsuak izan ziren atzo, baina 2012ko protesten aldean, txikiagoak. Eta orduan ez bezala, beraz, Putin ez dute arriskuan jarri protestaldiek. Tsarrak ez du apenas oposiziorik eta dagoen apurra berehala erreprimitzen dute.