Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Trumpek kendutakoa Europak ematen dio Palestinari

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

EBk 42 miloi euro eta erdiko laguntza iragarri du errefuxiatu palestinarrentzat. Aurrez, AEBk kendu zuten laguntza hori.

Ameriketako Estatu Batuek (AEB) kendu dizkion laguntzak Europako Batasunak emango dizkio Palestinari. AEBn azken hamarkadetan izan den presidente Israelzaleena izaten ari da Trump. Israel eta palestinarren arteko bake prozesua bultzatu nahi duela dio, baina bere erabakiek erakusten dute palestinarrek israeldarrek agindutakoa bete dezaten baino ez duela nahi. AEBko enbaxada Tel Avivetik Jerusalemera aldatuko duela iragarria du Trumpek. Hori nahikoa ez, eta orain, errefuxiatu palestinarrei eman ohi zien 53 milioi dolarretako diru-laguntza kendu die.

Europako Batasunak atzo iragarri zuen palestinarrek galdutako diru hori estaltzeko 42 milioi euro eta erdi emango dituela. Horren bitartez, Europako Batasunak eutsi egin nahi die palestinarrekin dituzten harreman onei, etorkizunean bake negoziaziorik balitz, mahai horretan aulki bat gordetzeko. Palestinarrek jada esana dute ez dituztela nahi Estatu Batuak epaile gisa. Ez dira Trumpez fio. Beraz, bake negoziazioei berrekiten bazaie, palestinarrek eskatu egingo dute europarrek bertan parte har dezaten.