Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

'Brexit'aren tranpak

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Britainiarrek merkatu librearen abantailak nahi dituzte Europan, baina askatasuna beste herrialde batzuekin merkatu askerako akordioak sinatzeko. Negoziazioa delikatua da Europarentzat.

Europar Batasunak (EB) eta Erresuma Batuak 'Brexit'ari buruzko negoziazio-erronda berria egitekoa dute aste honetan. Lau egunez, Michel Barnier Batasuneko negoziazio-taldeko buruak eta David Davis 'Brexit'arako ministro britaniarrak trantsizio garaian gertatuko dena adosteko ahalegina egingo dute. 'Brexit'a 2019ko martxoaren 29an gauzatuko da, egun horretan Erresuma Batuak Europar Batasuneko kide izateari utziko dio. Baina 18 hilabeteko trantsizio epea beharko dute irteera mailakatua izan dadin, ezin da gauetik egunera egin.

Argitzeke dagoen gaietako bat aduanetakoa da. Londresek aduanak Batasunetik atera nahi du baina, aldi berean, Europako gainerako herrialdeekin salerosketari eutsi nahi dio, aduanek ekar ditzaketen oztoporik gabe. Oso azkarrak dira! Britaniarrek, azken batean, merkatu libreak Europan eskaintzen dituen abantailak izan nahi dituzte, eta aldi berean, askatasuna nahi dute beste herrialde batzuekin merkatu askerako akordioak sinatzeko. Europarentzat oso egoera delikatua da: batetik, ez ditu Erresuma Batuarekin dituen lotura guztiak apurtu nahi, baina bestetik, ezin dio mesede-tratua eman. EBren abantailak bai, baina desabantailarik gabe europar izatea balego, denok nahiko lukete tratu berezi hori, eta horrenbestez, Batasunak ez luke etorkizunik.