Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Errugabeak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Poloniak lege polemiko bat onartu berri du. Baten batek esan edo idazten badu "Konzentrazio Eremu Poloniarrak" izan zirela, hiru urte arteko kartzela zigorra jaso lezake.

Poloniako agintariek erabaki dute Bigarren Mundu Gerran alemanak eta naziak izan zirela gaizto bakarrak, eta poloniar guztiek hori gogoan izan dezaten kontrakoa diona zigortuko duen legea onartu dute. Baten batek esan edo idazten badu "Konzentrazio Eremu Poloniarrak" izan zirela, hiru urte arteko kartzela zigorra jaso lezake. Polonian bertan eta handik kanpo eztabaida handia eragin duen lege honen bidez, Varsoviako agintariek mezu zehatza bidali digute: poloniarrek, Poloniako gizarteak ez du inongo erantzukizunik naziek herrialde honetan egindako gehiegikerietan.

Legea egin dutenek eta Adrej Duda presidenteak ez dute zalantzarik izan poloniar guztiak errudunen taldetik kanpo uzteko, baina era berean diote Polonia Alemaniak hartu eta suntsitu zuela, alemanen artean bereizketarik egin gabe. 1933an Adolf Hitler kantziler izendatu zutenetik, milaka eta milaka aleman hil eta torturatu zituzten, asko izan ziren kontzentrazio eremuetan amaitu zuten sozialistak, komunistak, ijitoak, juduak… guztiak alemanak. Varsoviako ghettoan 400.000 pertsona bizi ziren, hiriko biztanleen herena. Auzune honetan bizi ziren juduen egoera penagarria zen, goseak, gaitzek eta deportazioari beldurrak benetako infernu bihurtu zuten burdin harizko hasiz inguratutako gunea.

Nazien aurkako borroketan 120.000 juduk parte hartu zuten Poloniako armadan, 45.000 hil ziren eta itzuli zirenak ghettoaren mugetan eman zituzten azken egunak. Asko izan ziren juduak salatu zituzten poloniarrak, asko nazien alde jarri zirenak eta gehienek ez zuten ezer egin, beldurra eta mehatxua handiak zirelako, juduen sufrimendua arintzeko.

Azken urtetan ohikoa bihurtu da iraganeko gertakizunak gaur egungo ikuspegitik eta gaur egungo baliabideen bitartez aztertu eta epaitzea. Orain dela 80 urteko gizon-emakumeen buruan zer zegoen ez dakigu, baina pentsa genezake askok eta askok sekula ezagutuko ez ditugun egoerak bizi izan zituztela, seguruenera imajinaezinak gehienontzat. Horregatik ezinezkoa zaigu jokaera eta gertakizun asko egungo arauen arabera epaitzea. Non koka genezake soldadu sobietarrek Errusiatik abiatu eta Berlinera iritsi arte egin zituzten sarraski, bortxaketa eta basakeriak? Estatu Batuetako agintariek han bertan japoniarrentzat edo jatorri japoniarra zutenentzat eraiki zituzten kartzela eta bakartze eremuak zer izan ziren? Alemania menderatuta zegoenean gerra galduta zeukatenean zergatik bonbardatu zuten Dresde hiria eta 45.000 pertsona hil? Nazien gaizkide al ziren guztiak?

Bigarren Mundu Gerra gizakiak ezagutu duen izugarrikeria beldurgarriena izan da. Inork ez daki zenbat jende hil zen bertan, iturri fidagarrienek 60 milioi aipatzen dituzte. Irabazleek gaitzaileak epaitu zituzten, baina ez dago errugaberik.