Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Damaskotik gertuegi

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Errebeldeek kontrolpean duten eta hiriburutik hurbilen dagoen gunea da Guta. Bonba hotsak jauregitik ere entzuten ditu Assadek, eta horregatik agindu du gupida barik erasotzea.

Siriako gerrako zibil hilketarik larrienetakoa izaten ari da Gutan, Damaskoren kanpoaldean, gertatzen ari dena. Assad presidentearen kontra altxatu ziren errebeldeen esku dago Guta gerraren hasieratik, orain zazpi urtetik. Errebeldeek kontrolpean duten eta hiriburutik gertuen dagoen gunea da Guta, eta orain arte behin eta berriz irabazi dituzte Assadek inguru hori berreskuratzeko egin dituen ahaleginak.

Operazio militar bakarrean zibilen heriotza gehien izan dituen ingurua ere bada Guta. Marka hori ere hautsi du. 2013 urtean, Armada siriarrak sarin gasez eraso zuen gune hori eta 1.300 pertsona hil zituen. Eraso horren ondorioz, Ameriketako Estatu Batuak (AEB) Siriako gerran parte hartzeko zorian egon ziren, baina azken unean, Obamak, orduko presidente estatubatuarrak, erasorik ez egitea erabaki zuen.

Assad, Errusiaren laguntzaz, gerra irabazteko puntuan dago orain. Estatu Islamikoa desagerrarazi egin du, eta errebeldeek atzera egin dute euren posiziotan. Idliben baino ez daude indartsu, baina Damaskotik oso urruti dago probintzia hori. Horregatik zaio hain deseroso Gutako errebeldeen erresistentzia. Bere jauregitik ere entzuten baititu bonbak. Horregatik eman du gupidarik gabe bonbardatzeko agindua.