Itxi

Juanjo Sanmiguel

Análisis

Prezioa eta balioa

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Zerbaiten balioa modu askotara neurtu liteke, seguruenera bakoitzak galbahe ezberdina dugu horretarako. Baina inozokeria iruditu arren, benetan balio duenak ez du preziorik.

Gizakiok gure bizitzaren antolaketa finkatzen saiatzen garenean, epeak jartzen dizkiegu egitasmoei,  eta ahalegina eta ustezko lorpenen arteko oreka bilatzen dugu gehienetan. Helburuak, eta lortu arte jorratu beharreko bideak era ezberdinetako pausoak ematea eskatuko dizkigute, batzuk ezingo ditugu diruz neurtu, beste batzuek aldiz, gure ondarea xahutzera eramango gaituzte.

Urteak dira, baten batek proiekturen bat aurkezterakoan, egingo duena egokia dela erakutsi nahi digunean, bidea hura dela sinestarazi, behin eta berriz onura ekonomikoak azpimarratzen dizkigula. Sortuko dituzten lanpostuak, ekarriko diguten aberastasuna, ongizate ekonomikoaren onurak…

Garai lausoak bizi omen ditugu, errealitatea likidoa ei da, zehaztasuna eta sendotasuna galtzen ari direla dirudi. Europak, eta bereziki Europar Batasunak eragozpen handiak ditu zer den eta zer egin nahi duen argitu eta mugatzeko. Ukaezinak eta betirako ziruditen euskarriak desagertzeko zorian dira eta horien ordezkoak ez ditugu oraindik aurkitu…eta egoera horretan eskaintzen zaiguna eraginkortasuna da, lorpenak, eskura dezakeguna.

Amnesty International erakundeak argitaratu duen azken txostenean kezka handia erakutsi du herrialde askotan demokratikoak ez diren sistemak garatzen ari direlako, karisma handiko buruzagiak mundu berriaren bidean aitzindari bihurtu dira. Ez du axola zer pentsatzen duten, zer esaten duten, zer egiten duten, lorpenek bakarrik balio dute. Eta agintari horien herrialdeekiko harremanetan irizpide eta jarrera bera dugu mendebaldeko herriok. Errusia ez da demokrazia, Vladimir Putinek giza-eskubide guztiak banan-banan urratu ditu, oposizioa kartzelan dago, baina bere erregaia ezinbestekoa zaigu gure gizarte ereduari, gure bizimoduari eutsi ahal izateko. Txinan gizabanakoaren eskubideak kimera hutsa dira, komunikabideak kontrolpean daude eta adierazpen askatasuna urrutiko harribitxia da hango herritarrentzat. Baina mundu guztiko enpresak eta gobernuak Txinara begira daude, han inbertitu gabe, han saldu gabe ez dago etorkizunik. Horri esker lanpostu asko sortzen dugu han eta hemen, bestea denborak konponduko akatsa besterik ez da.

Demokrazia eta giza-eskubideak deitzen ditugun hauek, kontu oso berriak dira. Bigarren Mundu Gerra amaitu arte erabat ezezagunak ziren, gaur egun askok eta askok gizakia bezain zaharrak direla uste arren. Eta oso hauskorrak dira, konturatu gabe itxuraz garrantzi handirik ez duten pausotxoen bidez, erabat ezabatu litezke demokraziaren tankera duen sistemak bizirik dirauela iruditzen bazaigu ere. Zerbaiten balioa modu askotara neurtu liteke, seguruenera bakoitzak galbahe ezberdina dugu horretarako. Baina inozokeria iruditu arren, benetan balio duenak ez du preziorik.