Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Garaipena

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Emakumeen kasuan oraindik parekotasuna benetakoa izan dadin dezente falta bazaigu ere, aitortu beharra dago begi bistakoak direla azken urtetan emandako aurrera pausoak.

Irabazi eta galtzearen arteko aldea ez da beti argia eta zehatza izaten. Lehia mugatu eta arautuetan, arerioek badakite zein den helburua eta zalantza gutxi izan ohi da irabazlea aldarrikatzeko. Baina eguneroko jardunean aldeko eta kontrako emaitzak askoz ere nahasiagoak eta lausoagoak izaten dira.

Urteak dira garailearen irudiak itxuraz ukaezinak diren ezaugarriak dituela. Arrakasta neurtzeko ez dago zalantzarik: edertasuna, dirua, ospea, boterea, besteengan eragina izateko ahalmena… Guztiok maila berean jartzen gaituzte, atzekoaz aurrera egindako demokrazia eta parekotasuna sortuz. Pertsona orok jatorri bera eta aukera berdinak izan bagenitu legez, guztion ahalmenak, baliabideak eta helburuak berdinak bailiran. Baina normalean lorpena abiapuntuari estu lotuta dago. Garen horretatik erdietsi lezakegunari antzeman liezaiokegu eta hortik abiatuta jarriko ditugu etorkizunaren oinarriak.

Eta horregatik eredu orokorrek ez dute inongo baliorik. Batentzat garaipen izugarria dena, bestearentzat lotsatzeko arrazoia izan liteke. Ditugun aukeren arabera antolatzen dugu bidea, neurtzen dugu egin beharreko ahalegina eta erabili beharreko baliabideak. Gizabanakoaz ari bagina esango genuke, zuzendari izatea ametsetako lorpena izan litekeela lehen maila igarotzeko itxaropenik ez bazenuen, baina benetako hondamendia bere burua ministrotzat duenarentzat. Gizataldeen kasuan dezente nahasiagoak dira abiapuntuak, aukerak eta helmugak, baina derrigorrez azterketa bera egitea ezinbestekoa da.

Talde anitz eta zabalarentzat aldarrikapenak egiterakoan ezin ditugu guztiak multzo berean sartu eta ondo zehaztu beharra dago nondik abiatzen den bat lortutakoari duen garrantzia eman ahal izateko. Nazio Batuek 1948an Giza Eskubideak gizaki hutsa izateagatik guztioi dagozkigula adierazi zutenetik, ez da zalantzarik duintasunaren mugak finkatzerako orduan. Baina eskubideei buruz ari garenean ezin dute iritzi eta jarrera bera izan Luxenburgoko pasaportea duenak edo Burkina Fasoko herritarrak.

Eskari eta helburu nagusiak orokorrak dira, baina bakoitzak jakin behar du nora iritsi den, non dagoen eta horrek duen balioa. Zapalkuntza aipatzen dugunean garbi dugu Europar Batasunean, salbuespenak salbuespen, babestuta gaudela eta eskubideak urratzen badizkigute nora jo izango dugula. Afrikako herrialde gehienetan hori kimera hutsa da. Lan baldintzez ari bagara berriz, eta azken urtetan atzera pauso nabarmenak eman badira ere, gure inguruan beste inon baino egoera hobea izango dugu zalantzarik gabe. Emakumeen kasuan oraindik parekotasuna benetakoa izan dadin dezente falta bazaigu ere, aitortu beharra dago begi bistakoak direla azken urtetan emandako aurrera pausoak, eta seguruenera horri duen benetako garrantzia emanez errazagoa izango dela falta zaigun bidea jorratzea.