Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Etorkizuna

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

- Erredakzioa -

Bi hanketan gabiltzanetik, eguneroko nekeetatik ihes egin eta amestutakoetatik gertuago zeuden lekuetara nola joan jakin dugu.

Gizakiok, denborak gure bizitza arautzen duela ohartu ginenetik, datorrenak ekar lezakeena asmatzen ahalegindu gara. Garai batean aztiak eta iragarleak ziren urte batzuk barru gertatuko zena kontatzen zigutenak. Gero ametsak eta nahiak uztartzen ahalegindu ginen, ideologiek esaten ziguten bidea jarraitu ezkero Mundu zoriontsua lortuko genukeela. Azkenak zientzia-fikzioaren sortzaileak izan dira. Hauek dagoena eta ez dagoena, litekeena eta ezinezkoa, begi-bistan duguna eta sekula izan ez dena nahasten eta sinisgarri egiten ahalegindu dira.

Neurologoek eta buru, garun eta adimenean adituek diote gure zerebroa zentzumenek jaso dezaketen guztia gordetzeko gai dela, ondoren guztia nahastuz irudi, soinu eta hitz berriak sortzeko. Amets egiten dugunean horixe gertatzen da, modu batera edo bestera inoiz burmuinera iritsi den guztia ager liteke irudi eta egoera harrigarriak biziaraziz.

Bi hanketan gabiltzanetik, eguneroko nekeetatik ihes egin eta amestutakoetatik gertuago zeuden lekuetara nola joan jakin dugu. Substantzia bereziak, gai kimikoak erabili izan ditugu horretarako, baina betiere gure buruan zeuden, guk erabakitzen genuen noiz hartu eta noiz ez.

Orain berriz badirudi etorkizunak harrapatu gaituela. Garai batean amets hutsak zirenek eta etorkizunari itxura ematen zioten irudiek errealitate berria erakutsi digute. Etxetik irten gabe, inorekin zuzenean harremanik izan gabe, elkarrizketak izan ditzakegu, iritzi politikoa eman eta jaso, behar dugun edozer gauza erosi eta ekartzeko agindua eman genezake, sexu mota batzuk ere izan genitzake…Halako batean aztien iragarpenak, ideologoen gizarte berriak, zientzia-fikzioaren sortzaileen lur harrigarri eta liluragarriak, drogek eta ametsek eraikitako eremu lainotsuak…guztiek bat egin dute.

Baina dirudienez ez digute ekarri ez zoriona, ezta askatasuna ere. Aukera gehiago dugu, tresna eraginkorragoak, istant batean harremanetan jar gaitezke Munduko edozein lekutan dagoen beste batekin, desioa egi bihur genezake botoitxo bat sakatuta. Gure iritziak, idatziak eta esandakoak nonahi eta noranahi jakinarazi eta igorri genitzake. Munduko ikuskizun eta espektakulu guztiak etxera ekar ditzakegu ahalegin handirik gabe…Baina Aladinoren lanpara zirudiena, Sauronen begia bilakatu da, Orwellen Anaia Handia, zer nahi dugun guk baino lehenago asmatzen dakiena, nora jo behar dugun erakusten diguna, ongia eta gaizkia bereizteko tresnak ematen dizkiguna, eta gaizki aukeratzen badugu zigortuko gaituena.

Orain dela urte gutxi arte, bagenekien zaintzapean ginen ala ez, eta zein izan ziteken gure joan-etorrien berri jakin nahi zuena. Gaur egun aldiz, badakigu baten bat dagoela hor atzean, gure mugimendu guztiek arrastoa eta itzala utziko dutela, baina ez dakigu zein, non eta zertarako ari den gure jakin-minaren eta zaletasun makurrenen aztarnen jarraipena egiten.