Itxi

Juanjo Sanmiguel

IRUZKINA

Jende indartsua

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Nikolas Sarkozy Frantziako presidente ohiak,orain dela gutxi egindako hitzaldian, buruzagitza indartsuak goraipatu ditu. Bere iritziz, politika eragingarria izan dadin, epe luzeak ezinbestekoak dira.

Agintariek, berriz, eskuak aske izan behar dituzte zenbait erabaki hartzeko, batez ere, herritarrentzat gogokoak ez badira. Adibideak ere jarri zituen,Vladimir Putin presidente errusiarra, Xi Jinping txinatarra eta Mohamed Bin Salman arabiarra.

Ez dakigu zer zeukan gogoan Sarkozyk buruzagitza sendoak aldarrikatu zituenean. Seguruenera irudi anitza osatzen duten onarpen eta arrakasta handiko pertsonak, batez ere, gizonak, izan litezke Europako politiko boteretsuenetakoa izan zenak  eskatzen dituenak.

Arazoak izan ohi direnean beti sortu dira konponbidea, konponbide erraza, eskaintzen eta agintzen zigutenak. Boterea eta erabakiak hartzeko eskumena izan ezkero, helburu eta amets guztiak aseko zizkigutenak. Erromatarren garaian, batez ere,  gerrek eta gatazkek gaindiezinak ziruditen eragozpenak sortzen zituztenean diktadorea izendatzen zuten. Aldi baterako, legeak, arauak eta ohiko jarduera politikoa bertan behera utzi eta pertsona bakar batek hartzen zuen estatuaren ardura. Salbuespen garaia amaitu ondoren, erakunde bakoitzak eskumenak berreskuratu eta  lanari ekiten zioten.Ondoren ezagutu ditugun guztiek, amaiera arte, kendu dieten arte, gogor eutsi diote  botereari eta gehienetan nahiago izan dute hiltzea, beraiena uste zutena beste baten esku utzi aurretik.

Urte nahasiak bizi ditugu, batez ere, ezinezkoa bihurtu zaigulako sinesgarriak izango diren portaera ereduak sortzea. Benetan nekeza egiten zaigu ,gure ordezkari politikoek eguna joan eta eguna etorri erabiltzen duten hizkuntza, ez diogu loturarik ikusten beraiek egingo zuketena eta benetako beharren artean … Baina horren ordezkoak ezin du izan, arazo guztiak konpondu eta gizarte eredugarria aginduko digun aitzindari miresgarria.

Errealitatea, gizartea, gizakiok … konplexuagoak gara. Batzuentzat balio duena, zentzugabekeria izan liteke besteentzat. Pertsona eta gizatalde zenbaiten jomuga, abiapuntu da askorentzat. Jorratu beharreko bidea,  hartu beharreko erabakiak, amestu litezken helburuak zailak eta korapilatsuak dira. Lortutakoa beti behin-behinekoa da, gehienetan egin beharreko ibilaldian datza asmoen gauzatzea. Sarkozyk dio demokraziak sarri, buruzagi bikainak baztertu eta deuseztatu egiten dituela. Lidergo indartsuek ia beti demokrazia suntsitu izan dute.