Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Iritzia eta edukia

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Ezkertiarrek Gerra Hotzaren garaiko aurreiritziak bizirik dituzte, mamu eta deabru handiena Estatu Batuak dira. Eskuindarrek gurtu beharreko irudiak ez dituzte hain garbi izaten.

Edozein gairi edo arlori buruz norberaren iritzia sortzeko egiten dugun ahalegina eta erabiltzen ditugun baliabideak ez dira berdinak. Gogoak, ikusminak eta beharrak mugatu edo zabaltzen dute gure jakin-mina. Derrigorrezkoak zaizkigun auziak argitu eta sakontzeko, lana egin eta denbora eskaintzeko prest izan ohi gara, lortutakoa erabakigarria bihur dakigukeelako. Beste batzuetan, berriz, azaleko bi zertzelada nahikoak dira zerbaiten aurrean gure burua kokatzeko.

Gure inguruan, eta oro har mendebaldean, oso hedatua dago zenbait egoera, gatazka edo arazoren aurrean iritzi finko eta aldaezina edukitzea, zuzena eta okerra erabat garbi izatea, zintzoa eta gaiztoa bereizteko inongo zalantzarik ez azaltzea. Ezkertiarrek Gerra Hotzaren garaiko aurreiritziak bizirik dituzte, mamu eta deabru handiena Estatu Batuak dira. Berdin dio zein den egoera, zein arerioa, zein gatazkaren eragilea… gehiengoak amerikarren aurkako jarrera hartuko du. Beste lelo mugiezin bat, bere burua sozialista edo komunistatzat jotzen duenen aldeko jarrera dudagabekoa. Berdin dio Venezuela, Kuba, Ipar Korea, Vietnam edo Txina izatea. Ez zaigu axola nondik datozen edo zer egin duten, mendebaldearekiko lehian beraien alde izango gara beti. Ekialde Hurbilean denok gara palestinarrak, eta Sirian gobernuak zalantzak sortzen badizkigu ere, Estatu Batuen etsai izateak balio erantsia emango dio beti.

Eskuindarrek gurtu beharreko irudiak ez dituzte hain garbi izaten, eta aldakorragoak dira gehienetan. Eliza izan ohi da askoren iparra, komunismo kutsua duen guztia, berriz, paretik kendu beharrekoa. Agian gehiagotan irabazle izan delako eskuinaren kasuan, eta ezkerrak beti galtzailearen harrotasunari eutsi behar izan diolako edo, askoz indartsuagoak dira alde honetan apenas azterketarik gabeko atxikimenduak.

Eskuinari eta ezkerrari buruz horrela idazteak hutsalkeria berean erortzea dela aitortuta, aurki 50 urte beteko dituen Parisko Maiatzak, beti ezkerrak aldarrikatu eta bere egin duen mugimenduak, kritikaren eta azterketaren beharra aldarrikatu zituen, sinplekerietan ez erortzea, arazoen sakonera jo eta ondorioak ateratzea. Zuri eta beltzeko egoerek, hausnarketarik gabeko iritzi eta jarrera gogorrek, enpatia ezak, etsaia eta laguna zein den garbiegi bereizteak ekarri ohi ditu hondamendi bortitzenak, zorigaitz beldurgarrienak. Gure eta beraien artean ezer ez dagoenean beti gatazka lehertu da.