Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Aurrerabidea

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Gero eta sarriago, aurrerapenaren adierazle nagusitzat hartutako erremintek eta asmakizunek, iraganeko garai ahaztu eta ilunetara bidean jar gaitzaketela dirudi.

Gizakion historian, aro aldaketen adierazle izan diren asmakizunek ez dute beti abiada bera izan, baina jorratutako bidea bertsua izan da gehienetan. Tresna edo baliabide berria baten batek aurkitu edo asmatu ondoren, benetan zerbaitetarako balio duela egiaztatu behar izan du, ondoren taldeak edo gizarteak onar dezan. Hortik aurrera aurkitu, asmatu edo eraikitako horrek gizartean lekua aurkitu beharko du eta gizartea aukera berriak eta hobeak ematen dituen tresna edo gailu horretara egokitu.

Esan ohi da gurpila asmatu genuela enborren biribiltasunaz jabetu ginenean, gainean zama jarri eta garraioa errazagoa zela ohartzerakoan. Sua lehendabizi naturak sortutakoa menderatzen ahalegindu ginen, nola lortu asmatu genuen arte. Lurrun-makina edo argindarra asmatzeko bidea seguruenera zailagoa eta denboran motzagoa izan zen. Baina kasu guztietan jendeak lehendabizi harridura eta gaitzespena azaldu ohi du. Gero fidagaitz hurbildu izan da tresna berri horretara, neurtu eta erabili ondoren, erabat ezinezkoa egiten zaigu hori gabeko bizitza irudikatzea.

Azken urtetan, sakelako telefonoa eta Internet izan dira zalantzarik gabe asmakizun harrigarri, eraginkor eta berezienak. Oso denbora gutxian mundu guztiaren bizimodua eta ohiturak aldatu dituzte. Orain dela gutxi arte pertsona eta herrien arteko komunikazioa eduki ahal izateko, azpiegitura handia behar genuen. Telefonoak kableen bidez egiten zuen lotura, informazioak paperean zeukan oinarria. Sakelakoak aukera pentsaezinak eman dizkie herrialde pobre eta atzeratuenetako biztanleei; Internetek, informazioa sortu orduko munduko edozein tokitan jartzen du. Gure artean, telefonoa ezinbesteko baliabide bilakatu zaigu, guztia bertan dago.

Ziztu bizian dihoakigun denbora arraro honetan, bikaina zirudiena beldurgarri bilaka liteke gu aldaketaz konturatu baino lehenago. Errealitatea, izan zitekeen guztia, eskuetan genuela uste genuenean, errealitate horrek gu harrapatu gaitu. Ingurua hobeto ulertu eta bizitza errazagoa bihurtu behar zigun tresna zoragarriaren menpe gara. Mundu guztira, pentsamendua bezain azkar iritsi gintezkeela amets egin genuenean, behatzaile ezezagunen begiradapean gaudela jakinarazi digute.

Ez omen dago erreminta on edo txarrik, emandako erabilerak adieraziko digu kaltegarria ala onuragarria ote den. Baina gero eta sarriago, aurrerapenaren adierazle nagusitzat hartutakoek, iraganeko garai ahaztu eta ilunetara bidean jar gaitzaketela dirudi.