Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Animaliak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Parisko animalien eskubideen aldeko elkarteek Lehen Mundu Gerran hildako animalien omenez oroitarria eraikitzeko eskaria egin diote Udalari.

Parisko animalien eskubideen aldeko elkarteek Lehen Mundu Gerran hildako animalien omenez oroitarria eraikitzeko eskaria egin diote Udalari. Talde hauek diote gerra horretan milaka eta milaka animalia hil zirela,  zuzenean gerran  parte hartzen ari zirela. Astoak erabakigarriak izan omen ziren lubakiak jaki eta botikez hornitzeko. Usoek mezu sekretu eta garrantzitsuenak eraman zituzten alde batera eta bestera. Zakurrek milaka zauritu eta galdutako soldaduak aurkitu zituzten. Zaldiek lan astunena egin zuten eta garraio tresna bikaina bihurtu, erregaia agortu zenean. Animalien aldeko erakundeek diote animali hauen jarduerak milaka eta milaka heriotza galarazi zituztela, eta beraiek gerra irabazteko ahaleginean zuzeneko parte hartzea izan zutela. Parisko Udalak ez du eskaria onartu, zinegotzi gehienen iritziz, animaliak eta pertsonak parean, maila berean, jartzea litzatekeelako hori.

Orain dela ehun urte animaliekiko jarrera eta animaliekin geneukan harremana ez ziren gaur egungoak. Animalia tresna hutsa zen, gizakion zerbitzurako genuen erreminta. Animaliek ez zuten sufrimendurik, indarrak agortu arte edo hil arte erabil zitezkeen; ondoren eman zekiokeen erabilera onena jatea zen.

Azken urteotan aldaketa handiak izan dira, denboraren hasieran hezi eta etxekotu genituen izaki hauekiko harremanetan. Tresna izatetik alboko edo lagun izatera pasa dira. Ikuluan edo atean lotuta edukitzetik sukaldera edo gelara lo egitera eraman ditugu. Hondarrak eta hondakinak jaten zituzten garai batean, gaur egun jaki eta edari bereziak dituzte. Albaitari batzuen zerbitzuak sendagile espezialisten parekoak dira. Animalia jabe batzuk zuzenean elkarrizketak izateko gai dira, kidetzat hartutako lau hankako lagunarekin. Bakarrik bizi diren pertsona askorentzat, sabaipera ekarritako zakurra edo katua inoiz etxekide izandakoak baino leialagoa eta maitagarriagoa izan litezke…

Baina animalia animalia da eta gizakiok pertsonak gara. Esan ohi da gure gizatasuna erakusten dugula animaliekiko harremanetan,animaliei ematen diegun tratuan. Gure balio etikoak  gutxietsiko ditugu animaliei alferrikako sufrimendua eraginez gero, arrazoirik gabe jipoitu, zauritu edo nekarazten baditugu. Baina animaliek ez dituzte eskubideak. Eskubideak hartu-emanen oinarri eta ondorio dira, elkarlanean eta lankidetzan ari diren taldeen funtsa. Animaliek errespetua merezi dute izaki bizi gisa, askok eta askok, gainera, gure bizimodua nabarmen hobetzen dute, baina pertsona zenbaiten eraginez, animaliak gugana  gero eta gehiago hurbildu ahala, gure esparruetan sartzen diren neurrian, etsipenez oroitzen gara animaliak animalia hutsak ziren garaiez.