Itxi

X-inigoherce-X

Erabaki logikoa

Iñigo Herce

Iñigo Herce

Rodolfo Aresen iragarpenaren atzean, alderdi sozialistak hauteskundeei begira azken unerarte borrokatzeko hartu duen erabakia dago. Sozialisten ustez, gauzak ez baitaude oraindik guztiz erabakita.

Esaera ezagunak dioen moduan, Zesarraren emazteak, zintzoa izateaz gain, zintzoaren itxura izan behar du. Horregatik erabaki du Rodolfo Aresek Jaurlaritza uztea. PSE-EEk kanpaina koordinatzeko ardura eman ondoren, zeregin hori eta Herrizaingo sailburuak hauteskunde-prozesuaren gainean duen ardura ez dira bateragarriak. Aldeak alde, hori Alfredo Perez Rubalcabak hauteskunde orokorretan hartu zuen erabakiaren antzekoa da, PSOEren hautagai izendatu zutenean ministro kargua utzi baitzuen.

Patxi Lopezen gobernuko oinarria izan da Ares. Lehendakariaren hurrengoa izan da, kabineteko barne koordinazioaz ere arduratu da, eta bere pisu politikoa ere nabarmena izan da agintaldi osoan. Agian nabarmenagoa izan zen legealdi hasieran, Jaurlaritzak indarkeriaren adierazpen guztien aurkako borroka lehentasunen artean jarri zuenean. ETAren iragarpen historikoa Herrizaingo sailburu bera zela iritsi zen, eta Iñigo Cabacasen heriotza izan du unerik zailena; kritika gogorrak jaso zituen horren harian, eta gertatutakoa ez da argitu oraindik.

Ares aditua da hauteskunde kanpainak antolatzen. PSE-EEk hurrengo kanpaina koordinatzen jartzeak argi uzten du Lopezen eta Aresen ustez oraindik emaitza duinak izateko aukerak dituztela, eta azken unera arte borrokatzeko prest daudela. Inkesten aurreikuspenak gorabehera, agintari sozialisten iritzian, asko dira oraindik botoa erabaki ez dutenak, eta, beraz, azken hitza ez dago oraindik esanda.

Aresek gaur goizean hitz egin du azkenekoz Espainiako Barne ministroarekin erabakia jakinarazteko. Elkarrizketa horretan, Aresek bere kezka azaldu dio Josu Uribetxebarria ETAko presoari elkartasuna agertzeko martxa debekatu dutela eta. Aresen ustez, erabaki horiek hauspoa ematen diote ezker abertzaleari, eta "kanpaina egiten laguntzen dio EH Bilduri