Albisteak -

40. urteurrena

Baskoniako bi zale identifikatuta, Martxoaren 3ko pankarta bategatik

Ertzaintzak bi zale identifikatu ditu, Laboral Kutxaren partida batean 'Martxoak 3: egia, memoria eta justizia' lelodun pankarta bat jarri zutelako.

AGENTZIAK | ERRDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak Indar Baskonia taldeko bi zaleren kontrako polizia-akta bat ireki du, joan den igandean, Laboral Kutxaren eta Dominion Bilbao Basketen arteko partidan, 1976ko martxoaren 3an Espainiako Poliziak tiroz hildako langileak gogoratzeko pankarta bat zabaltzeagatik.

Indar Baskoniak taldeak ohar batean azaldu duenez, Gasteizko Buesa Arena pabilioian eskegitako pankarta horren bitartez sarraski hartan Poliziak izandako “jarrera iraingarria, lotsagarria eta deitoragarria” salatu nahi izan zuten.

Ertzaintzak bi zaletu horiek “atxikita eta jazarrita” izan zituela salatu dute. “Kirolaren Legearen babespean, gogor zigortuko dituzte”, ohartarazi dute.

Pankartaren leloa ondokoa izan zen: ‘Martxoak 3: egia, memoria eta justizia’. “Frankismoaren Poliziak inpunitate osoarekin hildako langileek Gasteizko eta herri osoko beharginen eskubideak defendatzen zituztelako soilik”, erantsi dute.

Horrez gain, Indar Baskoniaren bozeramaile batek gogora ekarri du lelo bera erabili zutela joan den astean Eusko Legebiltzarrean sarraskia oroitzeko.

Indar Baskoniak elkarretaratzea egingo du arratsalde honetan, Laboral Kutxak Euroligan jokatuko duen partida baino lehen, identifikazioengatik protestatzeko.

Ertzaintzak azaldu du kirolean indarkeria prebenitzeko legea aintzat hartuta jardun zutela, eta araudi horren arabera, kirolari lotutako pankartak soilik egon daitezkeela.

“Akta bat egin genuen, pankarta hori zegoela esanez eta pankarta zeramaten pertsonak identifikatuz”, erantsi du Ertzaintzaren bozeramaile batek.

Gauzak horrela, prozedura administratibo bat jarri dute abian, bi zaleen kontrako zigorrarekin amaitu daitekeena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Baskonia Berriak Politika Ertzaintza Laboral Kutxa Martxoak 3